gizain
Unai Iturriagak Berria egunkarian gaur idatzitako artikulua (‘Udagoieneko kukuak’) irakurrita bururatu zaigu gaurko ezberba. Artikulu horretan egunotan gure ernegua inarrosi duten bi albistez dihardu: Kukutza III gaztetxeaz eta Kukullaga Goikoa baserriaz. Nola azaldu gure asaldua? Batzuek, justiziaren antipodetan dagoen “legea” izeneko trepetaz baliaturik, erabaki dute gaztetxea eta baserria hustu behar direla: bertan bizi direnak gabetu, eta beste batzuk haietaz jabetu. Iturriagak karatularik gabeko hitza erabili du horiek izendatzeko: lukurreruak.
Geuk ere, Iturriagak proposatu bezala, ez diegu besterik opa lukurreru horiei: banan-banan janarazi beharko genizkieke bi eraikin horietako teilak. Zoritxarrez, Kukutzaren kasuan ez dugu plazer hori izango.
Lukurreru guztien esentzia bistaratzen du gaurko ezberbak. Izan ere, ezer izatekotan, jendilaje hori giza izainak dira. Edo, laburrago esanda, gizainak.
GIZAIN: giza izaina, lukurrerua, besteen kontura bizi den ektoparasito nazkagarria, jukutria eta amarru zikinak erabiliz besteen ondasunak txupatu ohi dituen banpiroa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: