Giuseppe Juliani
Giuseppe Juliani ez da substantzia sudurgarrien zalea: ez du horren beharrik. Harrigarria bada ere, berezkoa du izaera ektoplasmatiko hori. Esan liteke txikitan pertz surrealista batera jausi zela, eta harrezkero bere bizitza organo psikodeliko baten aurora boreal sinfonikoa izan dela. Fikzioa eraiki du guk errealitate deitzen dugun basamortu birtual horretan, eta beraren neurrira eraikitako oasi horretan bizi da, inoren esperoan barik, ororen desesperoan. Nolabait esanda, berbaren prestidigitadorea da, eguzkia mihiaz harrapatu duen kamaleoia, bonba atomikoa mokadu baten jan dezakeen arrain hegalaria.
—Nire sekretua urkien orrien musikan dago.
Horixe esaten digu, bere elixir magikoaren formula eskatzen diogunean. Baina inork ez daki partitura hori irakurtzen, ipurtargien begirada deszifratzea bezain ezinezkoa zaigu Giusepperen mintzoaren taupaden kodea endelegatzea. Inork badaki zein den euri tanten mezu ezkutua, lurraren kontra lehertzen direnean?
Giusepperen irudimen-geiserren artean bada bat inurrien ibilera bezalaxe etengabetzen dena: existitzen ez dena existiarazteko duen gaitasuna.
—Eleberririk ederrena, oraindik buruaren tintontzian dagoena.
Luzea da buruan idatzi dituen liburuen zerrenda. Maiz hitz egiten digu sekula jaioko ez diren bere ume horiei buruz. Eta hain ederrak dirudite… Atzo Germanen tabernan aurkitu nuen, berak gustuko duen txokoan, egunkarien kutxaren ondoan. Pipatzen ari zen, eta keak inguru guztia halako lurrin onirikoz janzten zuen. Pentsamendu bat etorri zitzaidan giro haren baitan: kearen artean sartuko banintz, ez nuke Giuseppe aurkituko. Han barruan berak sortutako fantasiak baino ez nituzke aurkituko, eta agian Giusepperen beraren fantasia ere, area artean ezkutatzen den karramarro baten itxura hartuta, edo kearen ilusioa bera hegalen dardarizoaz elikatzen ari den sitsarena.
—Zertan ari zara?
Horrelaxe egin nion galdera, baina neure artean beste zer edo zer erantsi nuen: “Zertan ari zara, Aspirino?” Ezizen hori ematen diogu koadrilan. Hain trinkoa da bere erretolika, gutxika hartu behar da. Berarekin tarte luzean arituz gero, pilula unibertsal hori izan ohi da salbabide bakarra: behin puntu bat ezkero, bere piparen keak merkurioaren dentsitatea hartzen du. Eta, hala ere, dosi txikietan urregorria da…
Bere liburuei buruz berba egiten duenean indioilarraren protokoloa jarraitzen du. Sama luzatu, alde guztietara begiratu, eta eztul ozen batzuk egiten ditu, bere berba jarioaren buztan koloretsua zabaldu orduko.
—Nire literatura txakurkume bat paseatzen ari den hamabost urteko neskatxa liraina da.
Berba horiekin erantzun zidan. Beti hitz egiten du horrela, urdailean ziten liburuekin amets egiten duten esaldi handinahien antolorgia bat balu bezala.
—Eta nola deitzen da txakurkumea?
—Zuek ez duzue zipitzik ulertzen! Garrantzitsua ez da txakurkumea, neskaren minigona gorri eskoziarra baino!
Haserre antzean erantzun zidan. Horrelakoetan, kokots azpiko haragi puska dardarka hasten zaio, burdinsarearen ostean zaunkaka ari den txakurraren moduan.
—Eta galdera zuzena ea zertsutan nabilen izango litzateke, mutiko! Burua gauza bakar batekin betetzen duena sagar bakarreko sagarrondoa bezain ezdeusa da.
—Eta zenbat sagar ditu zure sagarrondoak?
Giusepperekin izaten diren elkarrizketetan bada une bat non deserosotasunaren sentsazioa nagusitzen den, biriketan kilker bat zotinka ariko balitzaigu bezala. Une horretatik aurrera berbak boxeo eskularru bihurtzen dira, atsedenik gabeko elkarrilketa linguistikoan.
—Behin eta berriro okerreko galdera, txotxo! Arbolan dauden sagarrek ez dute batere interesik. Hor kaleetan eta parkeetan herdoiltzen ari diren eskultura horien modukoak dira. Dagoeneko hilik daude. Adarretan ikusten dituzun sagarren antzera: ustelaren bertigoa da gelditzen zaien bakarra.
Eulien hegaldi desordenatua sentitzen hasia nintzen ordurako erraietan. Hala ere, deserosotasunaren sentsazio hipnotiko hura gorabehera, gehiago nahi nuen, zeru izarratuko izar loka distiratsuenaren zain dagoenaren antzera.
—Eta zer da interesa duena ba?
—Interesa duena gure eskuen arteko ezerezean pentsamenduaz eraikitzen dugun eskulturaren etorkizuna da. Interesa duena sagarrondoaren ariman jaiotzeko dauden sagarrak dira. Ulertzen duzu? Ba, ulertzen ez baduzu, listo etxera!
Agindu hori izaten da elkarrizketa amaitu dela seinalatzen duen hamabigarren kanpai hotsa. Eta hala ere, hamahirugarrena entzun nahi izan nuen:
—Eta orduan, zer da hamabost urteko neskatxaren kontu hori?
Kartetan tranpak eginez irabazi duenaren irribarrea eskaini zidan.
—Hori literatur kritikariek entzun nahi izaten dituzten epelkerietako bat da. Benetan jakin nahi duzu zer den nire literaturaren funtsa? Benetan?
Baietz egin nion buruaz, baina ez agian jakingurak bultzatuta, boxeo borroka hartan eskuzapia botatzen duenaren etsipenaz baino.
—Tori ba!
Nigana hurbildu, eta bere piparen ke bafada bat oparitu zidan, aurpegi-aurpegian. Desegin zenean, hutsa aurkitu nuen Giusepperen aulkian jesarrita.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: