Ginebraren gorazarre

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2014-11-25 10:02

 Beste edari bizien aldean

apal da eta diskret;

ez du urre edo anbar kolorerik,

ezta gainontzekoen

usain gozo sarkorra ere.

Uraren jantzi xalu eta xumea

laket du soinean

eta, gisa horretan mozorroturik,

apalategian igurikitzen du

bertze botilekin batean,

mutu eta pazient,

sobera nabarmendu gabe,

harik eta plater eta kikarak

eta edalontziak oro

mahaitik kendu dituzten arte.

 

Orduan, dafaila xahuaren gainean,

izena eta izana berreskuratzen ditu

eta Ginebra erregina ageri da berriro

guzien aitzinean

koroa buruan

-zitroi, izotz eta pindar-

eta Lancelot ez ezik

Mahai Biribileko bertze zaldunak oro

-are ezkutari xaloenak eta zamariak ere-

makurtzen gara liluraturik haren aitzinean,

haren oinetarat erortzen.

Bera da orduan mahaiko nagusi,

erregina bakarra,

berak zabaltzen ditu

beirazko tronutik

bere bedeinkapen eta dohainak,

bihotzak altxatuz,

mihiak zalutuz,

irriak piztuz,

ametsak eraginez…

 

Ludovicus G. Agrorum


Utzi iruzkina: