Gidaria

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2025-03-08 09:24

Jesus Maria Bernardo, gai hilen garraiatzailea, kale-kantoiko kioskoan geratu eta automobiletik irten zen, Peugeot bat BI 0666 AN matrikuladuna.

-Eman La Gaceta del Norte.

-Sentitzen dut, baina agortu egin da.

-Eman atzokoa orduan.

-Atzokoa ere agortu egin zen. Baina hara, biharkoa daukat.

-Hor ere agertzen da zinematokien karteldegia?

-Hori egunero agertzen da.

 -Emadazu orduan biharko hori -esan zion gai hilen garraiatzaileak.

Autoan berriro jesarri eta zinematokien programazioa bilatu zuen. Halako baten, zine-zuzendari subertsibo baten filma -Oraingoz izen gabe- ikusi zuen, zeini buruz oso ondo hitz egin zioten. Jesuitak zineman ematen zuten, Kurutziaga kalean, bost eta erdietatik aurrera.

Bazuen denbora oraindik. Egunkaria irakurtzen jarraitu zuen. Albiste batek zabalarazi zizkion begiak: Jesus Maria Bernardo gai hilen garraiatzaileari buruzkoa zen, zein bere Peugeotean, BI 0666 AN matrikuladunean, abiadura handiegian zihoan Astarloa kalean zehar eta Jesuitak zinematik ez oso urrun talka egin zuen kamioi baten aurka. Gidari zabarra atoan hil zen.

-San Juan gure kortako behia! -esan zuen harriturik Bernardok.

Erlojuari begiratu zion.

Laster izango ziren bost eta erdiak. Egunkaria poltsikoan gorde, automobiletik infernutik ihesean doan bekatariaren antzera atera, eta arineketa baten abiatu zen zinemarantz.

Astarloa kalea zeharkatzen ari zela, Jesuitak zinematik ez oso urrun, garabi batek, Gregorio garabiak enpresakoak, bete-betean harrapatu zuen.

Bertan hil zen, biharamuneko egunkaria poltsikoan, azken oroitzapen bat buruan bueltaka zuela, aita Justok askotan esaten ziona: ez dela sinistu behar egunkariek diotena, erdia gezur hutsa baita, eta beste erdia asmatua.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: