German Villayuso

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2008-11-17 12:29

German Villaysusok dohain ohikanpokoa zuen: bere herrialdeko idazlerik onena ei zen, batere libururik idatzi barik. Kazetari eta kritikari guztiak txunditurik zituen, eta egunkarietako orriak beti zeuden berarentzat zabal-zabalik. Inoizko idazlerik handiena zela zioenik ere bazen. Mirari horren arrazoia Germanen nolakotasun bati egotzi beharko genioke, duda barik: literatur liburuez elikatzen zen. Bai, egunero dozena erdi liburu sabeleratzen zituen, ogiaren edo uraren laguntzarik gabe. Urdailean digestioa egin eta hondakinak uzki aldera bidali arren ere, liburuen arima, letrak, burmuinera iragazten zituen.



Atera kontuak: egunero, sei liburu; hilean, ehun eta laurogei; urtean, bi mila ehun eta laurogeita hemeretzi. Literatur unibertsalaren sekretu guztien jabe zen, baita idazle berri-berriena ere. Horrek bere izaera markatu zuen: aipuen bidez hitz egiten zuen, edozein huskeria esateko literaturaren altxor amaigabean bilatzen zuen sententziarik distiratsuena, denak aho zabalik utziko zituena.

Esaterako, “zu abertzalea zara?” galdetzen bazioten, honelako zer edo zer erantzungo zuen: “Herman Hessek zioenez, niretzat ez dago aberririk ez eredurik, hori guztiori hurrengo sarraskia prestatzen ari diren agintarientzako apainduria besterik ez da.” Itauntzen bazioten ea loreak gustuko bazituen, di-da baten erantzungo zuen “Tagorek idatzi zuenez, Jainkoa erresuma handiez gogaitzen da, baino egundo ez loretxoez”.

Eta beti gisa horretan.

Berba egiteko era ere findu zuen. Bere jaioterrikoen berba egiteko modu zakar samarra baztertu eta soinu txistukarien zalea bihurtu zen. Ezerezean eraikitako ospeak New Yorkeko idazle-klubik ponpoxoenera eraman zuen. Bertan hitzaldi gogoangarriak bota zituen, eta Hudson ibaiak berak ere German Villayusorentzako laudorioz gainezka egin zuen.

Horrenbesteko ospeak burua endredatu zion. Eleberria idatziko zuela erabaki zuen halako baten, bere-berea, inoren aipurik gabea. Orduan gertatu zitzaion gertatu beharrekoa: bere sormena Saharako basamortua baino elkorragoa zela konturatu zen. Kontua da ordenagailuan lerroak idatzi ahala deuseztatu egiten zirela, xaboi burbuilak airean legez. Aipuak idatzi ahala, bere begi harrituek pantailatik nola desagertzen ziren ikusten zuten.  

Alditxartu egin zen. Erotu behar zuela begitandu zitzaion. Aste batzuen buruan, urteetan xurgatutako literatura belarrietatik nola isurtzen zitzaion ikusi zuen, ur zikin bihurturik. Gaur German Villayusoren gorpu likidoa pertz baten gordetzen dute.
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: