Game Over

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-09-05 09:15

Horrela begiratzen didazunean,

penaltia da.

Zure atzamarrak nireekin

jolasean hasten direnean,

jokoz kanpo uzten nauzu

(eta denboraz kanpo).

Zure berba goxoen xuxurla

sentitzen dudanean,

bihotzean gola sartzen didazu,

eta, dagoeneko,

nire bihotzaren sareak

zure baloiez beterik daude.

Goleadaz irabazi nauzu,

baina ez zait inporta galtzea

zure ezpainen bustitasunean bada,

zure begien izartasunean bada,

zure ileen oihantasunean bada.

Ez zait inporta zangotrabatzea

zure besarkaden korapiloetan,

zure laztanen tximistetan,

zure plazer-intzirien oihartzunetan..

Eta partiduak

ez dezala amairik izan.

Luzapena eskatuko dut,

edo hobeto,

errugbian bezala

gure maitasunak izan dezala

hirugarren denbora ere,

egin dezagun mele eterno bat,

saio bat bestearen atzean,

zigor kolperik gabe.

 

 

Baina ez.

Dena gezurra da.

Dena iragana da.

Partidutik egotzi nauzu,

gure artekoari txartel gorria atera diozu,

eta orain

penaltiak eta golak beste batentzat dira,

beste batek altxatzen du

irabazleen kopa,

beste batekin abesten duzu

We Are The Champions.

Orain,

zure atzamarrak nireez ahaztu dira,

zure begiradak eklipseak dira,

isiltasunaren durundiak jan ditu

zure xuxurlak oro.

Orain, benetan,

jokoz kanpo utzi nauzu

(denboraz kanpo).

Eta zer garratza den

kanporatuen aulkitxoa,

aldagelara arinegi heltzearen porrota,

bakarrik entrenatu beharra

jakinda

entrenatzaileak egundo ez zaituela zelairatuko.

Zer gogorra den

zurea izan beharko lukeen partidua

harmailatik ikustea.

Orain,

nire bihotzaren sareak

amaraun apurtuak dira,

sekula golik hartuko ez duten

ate itxiak dira.

Orain,

zure falten falta dut.

 

Partidua amaitu da.

 

 

Ron Sniakin


Utzi iruzkina: