Franz Ribbeck
Franz Ribbeck
beti dago prest istorioren bat kontatzeko, sos batzuen truke. Haren ondoan
jarri naiz, eta txanpon batzuk eman dizkiot. Jendea arin doa kalean
gora eta behera. Zintarriak beteta daude ordu honetan, baina inork ez
dio Franzi begiratzen: paisaiaren dekorazioaren beste elementu bat besterik
ez da, bera eta aurrean duen kapela, nik botatako txanponak baino ez
dituena.
—Ez pentsatu beti honela bizi izan naizenik. Ni Bratislavako mamurik famatuena izan naiz. Nire amarrua igarri zuten arte.
—Zer amarru?
Ernegaturik
legez begiratu dit; ea norako prisarik dudan galdetu didate bere begiek,
istorioek euren erritmoa dutela.
—Egon, gazte,
egon. Ez bultza egin ibaia itsasorantz!
Ondoan duen
garagardo botilari eutsi dio. Korroskadaren ostean baino ez da korapiloa
askatzen hasi.
—Devingo
gaztelua berritzen ari zirela, museo historiko bihurtzeko, bertara joan
nintzen turistak erakartzeko ideia bat proposatzera: jendearen arreta
lortzeko ez zegoen ezer hoberik bertan mamu bat zegoelako entzutea zabaltzea
baino. Eta erakustaldia egin nien: goiko pisuko gela batera joanda,
intzirika hasi nintzen. Txundituta utzi nituen neure ulu urrun eta beldurgarriekin.
Berehala kontratatu ninduten. Nik baldintza bat jarri nien: ez zirela
inoiz sartuko goiko pisuko gela hartan, ez eurak, ez bisitariak. Eta
horrela hasi nintzen lanean, soldata ederra kobratuta. Mamuaren sona
berehala zabaldu zen. Turistak metaka etortzen ziren. Entzun bazenitu
gela hartatik sortzen ziren uhuri lazgarri haiek!
—Eta amarrua?
—Jasotzen
nuen soldatari esker, apopilo-etxe batean bizi nintzen. Egun batean
bertan geratu behar izan nuen, gaixorik. Sukarrak janda nengoen, eta
ezin joan lanera. Horrela topatu zuten pastela, kasualitatez.
—Nola baina?
Zu gaixorik izanda, turistak mamuaren uhuri gabe geratuko ziren, ezta?
—Horixe kontua,
ni ohean gaixorik eta intziriak berdin-berdin entzun zituztela!
Harrituta begiratu
diot.
—Baina, nork
egin zituen oihu haiek orduan?
—Horrexek
piztu zuen gidaren jakin-mina. Bisita amaituta turistak joan zirenean,
gela debekatura joan zen, eta bertan argitu zuen misterioa: benetako
mamuaren aieneak entzun zituen, gelako horma baten atzealdetik zetozenak.
—Beraz, benetako
mamua zegoen han! Zer egiten zenuen zuk, bada?
—Nik? Ezer
ez! Bertan egon, besterik ez. Badakizu modu hoberik soldata irabazteko?
—Baina zuk
bazenekien han mamu bat zegoela?
—Hobe ez! Gaztelua oraindik itxita zegoela bertan bizi nintzen, ezkutuan. Horrela egin nuen mamuarekin ezaupidea. Lagun handiak egin ginen. Tratua proposatu nion, eta
berak onartu.
—Eta mamua,
nor zen?
—Ibaia itsasora
heldu da, gazte! Utzidazu sekretutxo hori niretzat gordetzen...
Beste botila
garagardo bat eman diot, joan orduko. Gero, Interneten Devingo gazteluari
buruzko informazioa bilatu dut. Hantxe topatu dut sekretuaren zirrikitua
izan daitekeena; izan ere, gaztelu horrek badu kondaira bat, honela
dioena:
“Mikulas
gazteluko printzeak erresuma urrun bateko printzesa maite zuen. Hala
ere, neskaren familiak ez zuen ezkontza onartzen, alaba komentu batera
joatea nahi baitzuen. Orduan, Mikulasek neska harrapatu eta bere gaztelura
eraman zuen, eta ezkontza antolatu. Eztegu egunean neskaren osaba bat
heldu zen gaztelura, armada batekin. Soldaduek gaztelua defendatu arren,
ezin erasotzaileei aurre egin. Orduan Mikulasek printzesa hartu eta
gazteluaren dorrean bilatu zuen babesa. Bertan gotorturik, Mikulasek
hil arte borroka egin zuen. Orduan, neskak, goibeldurik, dorretik behera
jauzi egin zuen, Danubioko uretara”.
Bihar Mikulasen
aipua egingo diot Franzi. Seguru garagardo dangada kontrako zulotik
joaten zaiola!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: