Florian Campanas
Florian Campanas gure osaba da. Gerra denboran desagertu zen, frontean. Hil zutela pentsatu genuen, hainbeste urte igarota haren berririk ez eta. Baina domeka goiz baten Jose etorri zitzaigun, saskigileen familiako mutilzahar hura, meatzeen inguruan Florian ikusi zuela esatera. Berarekin joan nintzen, osabaren argazki zahar bat jakako poltsikoan sartuta, nik ez bainuen osaba Florian ezagutu. Eta bai: hantxe zegoen, meatzeen zulo neurrigabeari so. Pilotari jantzita zegoen, nik poltsikoan nuen erretratuan legetxe. Mamufikatuta zegoen, begirada izarretan galdua.
— Non dago frontoia? Partidua daukat eta berandu ailegatuko naiz.
Ahotsa antigoalekoa zen, gramofono zaharretako erlikia.
— Ez dago frontoirik, osaba. Ez frontoirik, ez herririk. Zure Gallarta meatzeak jan zuen. Izatekotan, hor dago, zuloan.
Osaba pilotari ospetsua zen Gallarta zaharrean. Ez pilotan ona zelako, bere indarragatik baino. Frontoiaren atzealdean jarrita, ezker eskuaz pilota jaurti eta frontisaren gainetik bidaltzen zuen.
— Zer egingo dut orain? –erantzun zidan, bere gramofono ahotsaz.
Florianen mamua zuloari begira geratu zen, txantxarrak jandako herriari, eta begietan malko gabeko negarraren distira antzeman nion.
— Iragan barik utzi naute, madarikatuek! Bihotzaren taupadek atzerantz egiterik balute, behintzat!
Baina Florianen bihotza mututurik zegoen, punpa gabeko pilota zen.
Handik aurrera, Florianen mamua deslai ibili ohi zen inguru hartan guztian. Sarri erreka ondoan topatzen nuen, ur-lasterrari begira.
— Hauek urok, nora doaz? –galdetzen zidan, bere ahotsari kateatutako pena astunaz– Eta zuek, izokin gazteok, nora zoazte? Zerk zaramatzate hain urrun, zein amuren usainetara zoazte?
Denbora luzean geratzen zen isilik, errekari begira. Beti erreka bera, beti ur desberak.
— Eta zer egingo lukete izokin horiek, itsaso urrunetan ibilita hiltzeko ordua hurbiltzen zaiela sentitu eta jaio ziren erreka hau topatuko ez balute? Ba horrela nago ni, nire erreka mapetatik ezabatu dute, non hil ez daukan izokina naiz.
Horrela ahitzen zitzaizkion egunak osaba Floriani, dinamitak desagerrarazitako iraganari begira. Maiz entzuten genituen beraren auhenak, iretargiaren errainuen amaraunean trabatuta.
— Ez dut bakerik izango zulo hori berriro estali arte –esan zidan behin, eta bere ahotsa gramofonoan bueltaka geratzen zela begitandu zitzaidan, betiko bueltaka.
Pena ematen zidan osabak. Amaitu gabe zuen partiduaren azken tanto hori egiten lagundu behar nion.
— Nonbait egotekotan, zure frontoia han behean dago, hondoan. Hara bota beharko duzu pilota, osaba.
Eta pilota eman nion.
— Orain ikusiko duzu pilota bat urrun botatzea zer den.
Eta ondo-ondora hurbildu zitzaidan. Bere ezpainen kili-kiliak sentitu nituen belarrian.
— Sekretua ez dago besoaren indarrean, begiradaren urruntasunean baino. Eta orain itxi begiak, pilotaren abiadura hobeto sentitzeko.
Begiak itxi nituen. Haizearen ziztua bezain arin zabaldu nituen atzera ere. Han ez zegoen inor. Zulora begiratu nuen, osabaren bila. Ezer ez. “Mamuen gauzak. Etorri bezala joaten dira.” Horixe pentsatu nuen, etxera bidean. Lagun zahar bat galtzea bezalakoa izan zen hura. Zeruan, hegoaldeko hodeiak gorriturik zeuden, meatzeetako burdina guztia haraino lurrundu balitz bezala.
Erreka ondora joateko ohitura hartu nuen. Osaba jarrita egoten zen arrokan paratu eta urari begiratzen nion, eta urak osabaren isla itzultzen zidan. Errekan gora etortzen irudikatzen nuen, izokin zahar baten gorputzean, bere begirada izarratu harekin. Gero, iluntzeetan, meatzeetara hurbiltzen nintzen. “Hemen amaitzen da mundua”, pentsatzen nuen, behera begira. Eta begiak itxita, osabaren gramofono ahotsa entzuten nuela imajinatzen nuen, bueltaka, bueltaka, zuloa estaltzeko agintzen zidala.
Iretargiak bere amarauna indioilarren buztanen antzera zabalduta zuen gau baten, kamioia garajetik atera eta lurrez bete nuen. Meatzeetarantz gidatu nuen. “Osaba, zure frontoia zulo horretatik aterako dut”, esan nion, eta banekien handik azpitik osaba Florianek irribarre egin zidala.
Eta banekien ere, desagertu orduko, bere ezpainen kili-kiliek ez zidatela bakarrik bere sekretua aitortu. Nire begirada izarretan galtzen delako, bere arnasa nirea delako.
Erreka bera, ur desberak.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: