Federica Victoria
Federica Victoria printzesa nerabea zen, Bonbon & Burbon errege familiako hirugarren alaba ofiziala, esan nahi baita ama-erreginaren umetokian ekoitzia zela, hots, erregintzari dagokion kalitate labekoa. Bazuen neba bat, txikiagoa: Froilan de los Toros Santos. Eta txikiagoa izanagatik, huraxe zen koroagai bakarra, pitilin-mingilin hura, Federica Victoriak “nire ameba” izendatzen zuena. Bai, Federica Victoriak bazekien tronua berarentzat urrutiko intxaur ustela zela, pipi kaka hutsa. Hortik ote zetorkion monarkiafobia alimale hura?
Ezkutuan gordetako bere familiarekiko gorrotoak noizbait eztanda egin behar zuen baina. Federica Victoria aluraino zegoen printzesa jolas txatxuekin, gorputzak politikoki zezena izatea eskatzen zion, ez besterik. Eta pilulatutako gorroto guztia esaldi batean goitikatu zuen, braust!, lehen hilekoa behetikatu zuen egun hartan:
—Ama! Aita! Puta izan nahi dut!
Aita, betiko moduan, upel eginda zegoen, ahoa bete whiskiarekin, eta zantzoka hasi zen, bere talo aurpegi harekin.
Ez ziren atsekabeak hor amaitu. Federica Victoriaren jarrera egunetik egunera okerragoa zen. Aitaren koroa txizontzi moduan erabiltzeko joera hura, esaterako, ume baten bihurrikeriatzat hartua zuten, baina gaztaroarekin batera bere maltzurkeriek gainezka egin zuten. Izan ere, neskak argi zuen zein izango zen bere aportazioa familia hartan: ekar pena! Argi zuen bere behazun-asmoen helburua: hil burua! Monarkia akabatu! Bide horretan, lehenengo pausoa printzesa punkia bihurtzea zen. Baina ez kalean ikusten diren gangar sustarbako horien moduko narraskiloa, ez. Bera benetako punkia izango zen, bere familiari hondamundia ekarriko ziona.
Hasteko, Youtuben bideo porno bat jarri zuen. Bera agertzen zen, errege-jauregiko areto nagusian, Eguberriko arbolaren azpian, biluzik. Keinu lizunen artean, hauxe esaten zuen:
—Nire aitak urtero hementxe egiten dit larrutan, Gabonetako mezuaren ostean. Zeuk ere sartu nahi didazu txistorra, iztertarteko lapafreskoan?
Zer psikofardo zuen neska horrek buruan, horrelakoak egiteko? Kukuak daki kukukumeen berri! Kontua da ñaka-ñakalaritzari gustua hartu ziola. Laster lizentziatu zen sedukzioaren artean: zerrenda luzea osatzen zuten bere pikuaren azukreak dastatu zituztenek. Baina ez zen sare pelajikoarekin ateratzen, ez horixe! Oso ondo aukeratzen zituen txortagaiak. Denak ziren poltsikoan arrangurarik ez zutenak, boterearen eurotismoaren sinestunak, koipelustre-aldra gorazalea. Bazekien Federica Victoriak nola erabiliko zituen enparagarri haiek guztiak, ondo jakin ere!
Bai, limurkorra ez eze, azeri galanta ere bazen, izan! Zer egin zuen? Errege familiak Ameriketako Estatu Batzuetako banku pribatuetara bidalitako zilbor-hesteak nola edo hala lortu, ama zeluletan bortxaketa genetikoa eragin, eta sortutako azkengaiaz magina zipriztindu, spray baten bidez. Zein izan zen ondorioa? Larrutaldiaren ostean, zakil errepublikarrena ere monarkiagale amorratua bihurtzen zela. Esan nahi baita: bere sedukzioaren amarruan jausten ziren handiki haiek guztiek halako erregegaikeria eutsiezina sentitzen hasten zirela, hankarteko azkura jasanezinaren moduko zer edo zer. Den-denak hasi ziren aldarrikatzen euren primutasuna errege izateko, baita espermalozoideak besterik ez zituzten agure antzuak ere. Eskubidea zuten, odolez, eta behar izanez gero odolez eskuratzeko prest zeuden eskubide hura, ezkerbidez bazen ere. Konspiratzaileak nonahi!
Zer gertatu zen? Errege jauregiaren aurreko plaza koroa buruan izan nahi zuen jendilajeak hartu zuela. Hango kalapita! Hango aldarriak! Hura bai, lotsabako saldoa! Eta egunean-egunean gehiago ziren! Erregeak izututa begiratzen zien, errezelen atzean ezkutaturik. Lehen lotsatia bazen, orain lotsabikoa. Azkenerako, etsi egin zuen. Hurrengo urteko Gabonetako mezuan, negar baten, koroari uko egiten ziola iragarri zuen, baita erregimen monarkikoaren amaiera ere.
Harrezkero, erresuma izanikoan halako kaoskrazian bizi dira, bizi direnak. Federica Victoria, berriz, Youtubeko bideo pornoen erregina da. Azkenengoan errege mago horiekin ikus dezakezue. Jakina, Baltasar du gustukoen...
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: