Faustin Arrieta
Faustin Arrieta pozik zegoen bere Peugeot 205 zaharra Boluetan utzi
zuenean. Pozik edo... Hirurehun mila kilometroko adiskidantzaren ostean, hartua
zuen erabakia: automobil berria erostea. Modernotasunarekin ezkontzen zen
modeloa aukeratua zuen, jasangarritasunaroaren izpirituarekin bat zetorrena,
hain zuzen ere: Toyota Priusa. Zuztarretik aldatu nahi zuen ordura arteko
bizimodua, eta hortik hasiko zen: auto berria, bizitza berria. Hain erraza
izango balitz berriro bizitzen hastea!
Peugeotaren motorra betiko mutuarazi orduko, Faustin Arrietari halako
zirrara garratza sorrarazi zion automobilak atera zuen azken karrankak. Kexu
luze baten langoa begitandu zitzaion: Madarikatua!
Nola uzten nauzu hemen botata, abarketa zahar baten moduan?
Metro geltokirantz zihoala, Faustin Arrietari Peugeotean egindako
bidaiak etorri zitzaizkion gogora, batez ere 1996an lagunekin Eskoziara
egindako hura. Bertan ezagutu zuen Fiona, Dunkeld herri txikitxoan. Cupidok ez
zuen batere gupidarik izan, maiteminaren gezikadak bete-betean kolpatu zuen:
ikusi baino ez, ilegorri haren mototsek goitik behera gatibatu zuten.
Fionaren bihotza irabazi arte ez zuen etsi. Etxera-buelta lagunekin
egin zuen, baina, handik hiru hilabetera, domeka arratsalde hartako goibela argitu zion miraria gertatu zen: etxeko
txirrina entzun, atea zabaldu eta Fionaren irribarrearekin egin zuen topo. Eskoziako neguak luzeegiak dira, esan
zion, eskuan maletabete maitasun zekarrela. Harrezkero elkarrekin bizi izan
ziren.
Izan ziren.
Egunerokotasunaren monotoniak maitasun guztiak lorrintzen ditu. Egunerokokeriak.
Eguneroko erokeriak, maitasunaren korapilo sendoenak ere eteten dituztenak.
Batez ere udan ernetakoak. Udan jaiotako maitasunek hareazko erroak dituzte.
Udako maitasunak itsasbeherakoak dira. Gaztelu ederrak egiten dituzu
hondarrean, hareazko hesi eta guzti, olatuetatik babestearren. Dena alferrik. Udaren
ostean negua dator, itsasbehera itsasgorak estaltzen du. Maitasun guztiak
estaltzen ditu egunerokokeriak. Baita Faustin eta Fionaren artekoa ere.
Fionaren maleta maitasunez betean zuloak agertzen hasi ziren. Gero eta
zulo gehiago. Gero eta handiagoak. Eta zulo haietatik ihesi joan zitzaizkion
sentimendu guztiak, hasieran tantaz tanta, gero errekaka. Atzenean, halako
malenkonia hitsa itsatsi zitzaion begirakunean, bazirudien Eskoziako hodei
multzo handi eta hezeak bizi zirela haren begi ninietan.
Egun batean, lanetik bueltan, Faustinek orri bat topatu zuen
ezkaratzeko mahaian:
Banoa. Denak du hasiera eta
amaiera. Zure automobila zahartu den moduan, kilometroz kilometro, nire bihotza
ere ihartu egin da, egunez egun, arnasaz arnasa. Errua ez da inorena;
izatekotan, denborarena da.
Fiona
Faustin Arrietaren bihotza taupagabetu egin zen. Zainak odolustu egin
zitzaizkion, eta behazunez blaitu. Mukertu egin zen. Errudun ez sentitzeko
ziotson Fionak, baina berak bestela irakurri zuen mezua: erruduna zara. Ez, ez zen dioptria kontua. Intuizioa zen. Honela
irakurri zuen Faustinek mezua: gure
maitasuna ahitzen utzi duzu, automobila zahartzen utzi duzun moduan.
Bai, seguru zegoen: errua berea zen.
Sentimendu hura bihotz-koilaran trabatu zitzaion. Mina sentitzen zuen.
Mina, ariman; mina, erraietan. Minaren bizia. Biziaren mina. Eta horrek
beldurra eragin zion. Beldurra, min horretatik gorrotora urrats bakarra zegoelako.
Gizonek honelako zeozer sentitu behar
dute emakumeak hiltzeko, pentsatu ohi zuen, min hura gobernatu ezin
zuenetan. Eta beldurra, gorrototik hilketara amildegi bakarra zegoelako. Berak,
ostera, gorrotoa barik, etsipena sentitzen zuen. Zer konponduko zuen Fiona
hilda? Ezer ez. Errudunago sentituko zen. Aukera bakarra erruduntasun hura
goitikatzea zen, ilunpeetatik ateratzea. Eta, halako batean, tunelaren
amaierako argi izpia ikusi zuen: aitzakia bat behar zuen. Aitzakia bat, min
jasanezin hura uxatzeko.
Bizimodua zehatz aldatuko zuen. Horra hor erruaren hustubidea. Eta,
lehenengo-lehenengo, automobil zaharra baztertu eta berria erosi. Horixe izango
zen bizimodu berriaren sinboloa (hain erraza izango balitz berriro bizitzen
hastea!).
Etxetik zortziehun kilometrora utzitako txakur zaharraren antzera, horrela
utzi zuen Peugeota. Horrelako pagua eman zion, hainbeste urteren ostean. Baina,
zer egin zuen Fionak berarekin? Gauza bera! Txakur deslai baten moduan utzi.
Eman gabeko ostikada horiek dira mingarrienak. Eta, hala ere, zergatik
ordaintzen zuen txanpon berarekin? Errubakoari errua, horixe egin zuen
Peugeotarekin. Horrexegatik hasi zen amesgaizto hura izaten, erregular. Beti
berbera.
Ametsean, hiltzaile guztien antzera, bera ere bueltatu zen hilketagunera.
Boluetara. Bertan utzia zuen Peugeot zaharra, trenbidera begira. Egiaztatu
behar zuen utzitako lekuan zegoela. Hori bai, Prius berria ostenduta utzi zuen,
lantegi baten atzealdean (zitalkeria begitandu zitzaion bertaraino auto berrian
joatea, deslai utzitako txakurrari beraren ordez erositako txakur berria
aurkeztea bezalakoa). Isil-isilik hurreratu zen, gaizkileei dagokien
zeremoniaz. Ondo gogoratzen zuen tokia, Santana aretoa orduko. Haraino
ailegaturik, begiak igurtzi-igurtzi egin behar izan zuen: aparkalekua hutsik
zegoen. Hutsik zegoen! Peugeotaren arrastorik ez! Orduantxe entzun zuen
motor-zaratots hura, ziztu bizian zetorren automobil batena. Urrundik ikusi
zuen hurbiltzen, txakur amorratu baten antzera. Oinak lurrean josita zituen.
Ezin zirkinik egin baina! Gelditzeko esan nahi zion, barkatzeko. Ezin. Ahotsik
ez. Saman sastada sakona sentitu zuen, labankadaren antzekoa, automobila bere
aurrean geratu zenean, motorra zaunka. Erroberen haginkada bortitza igarri eta
batera itzartu zen, arnasestuka, izerdi baten.
Amesgaizto berbera izan zuen hurrengo egunetan ere. Horrela ulertu zuen
automobil berriak ez zizkiola bere arimaren maletategiko bekatu zaharrak
garbituko, bizimodu berriaren tatuajeek ez zizkiotela larruaren zauriak
osatuko, erruaren bihotzerrerako ez zegoela botikarik.
Harrezkero, Faustin Arrietari belarriak uhuriz bete zitzaizkion.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: