farradisu
Hauteskundeetara aurkeztuko bagina, gure programan hauxe aginduko genuke: Parranden Parke Tematikoa (PPT) sortzea. Gurean leku asko daude PPTak zabaltzeko. Horietako bat: Lemoizko zentral nuklearra izan behar zuen etxelapiko erraldoi hori. Eta zer arraio da Parranden Parke Tematikoa?, galdetuko diguzue. Erantzuten saiatuko gara:
Herri guztietan, asteburua heltzen denean, betiko arazoak: gazteak litroak egiten edozein bazterretan, zarata, mozkorrak, borrokak, txiza-usaina hormetan, plastikoak eta botilak nonahi… Hori mozkorlaritza alternatiboari dagokionez; taberna eta pubek eskaintzen duten horditurismo ofizialari erreparatzen badiogu, egoera antzekoa da, batez ere taberna barruan erretzeko debekua dagoenetik: kalean zarata, oihuak… Ondorioa: herrietan arazo handia eragiten du parrandazalekeriak.
Politikariak arazoak konpontzeko daude, ezta? Bada, hara: gu, kasta horretakoak izan barik ere, irtenbidea topatu diogu asteburuetako zarata eta zikinkeriari: Parranden Parke Tematikoak sortzea. Zer egin behar da? Parrandero guztiak toki batean bildu. Halako Ibilaldia instituzional bat sortu, asteburu guztietan ospatuko dena. Eta non? Bada, inori traba egingo ez dion tokian: leku urrunetan. Horietako bat da Lemoizko zentral nuklearra. Hor dago eraikina, amaraunak ekoizten. Hasieran pentsatu genuen munduko eltze handiena bihur litekeela. Imajinatzen duzue indabaz beteta? Guinness errekorra, seguru! Baina ez. Hobe da bertan PPT bat sortzea. Autobus zerbitzua jarri beharko litzateke bertaraino: Plentziaraino metroz, eta handik zentraleraino, autobusez. Orduro atera beharko lirateke, bariku arratsaldean hasita. Eta bueltako zerbitzua ere antolatu beharko litzateke (kasu honetan ohedun autobusa, zerbitzu mediku eta guzti, badaezpada).
Asteburupasa ganorazkoa izateko, Parranden Parke Tematikoa ondo hornitu behar da: guraina txosna, pub, dantzaleku, kalamu- eta pastilla-banatzaile egon daitezela, baita saltxitxautoak ere, goseztoentzat. Burrundara egon dadila. Atseden hartzeko (edo ñaka-ñaka egiteko, auskalo!) egon daitezela lastaira batzuk ere, hemen-hor-han sakabanaturik. Eta, oso garrantzitsua: egin bitez komun berezi batzuk, txizaginero guztien parrastadak batzeko. Pentsa ezazue zenbat eta zenbat litro gernu batu daitekeen astebururo. Seguru baten batek erabileraren bat topatzen duela: energia sortzeko, intsektizida moduan, kosmetikogintzan…
Aktibitate batzuk ere pentsatu beharko dira. Jendea bero-bero dagoenean sortzen diren borrokaldiak bideratzeko, beste jomuga bat jarri behar da: zipaioak. Tarteka, sar daitezela egurra ematera. Estreinatu dugun bakealdia aspergarria bilaka daiteke egur-banatzaile instituzionalentzat. Beraz, ondo etorriko zaie entrenamendu moduan gazte mozkortu eta pastillatuen aurka oldartzea. Baina neurriz. Proportzionaltasunez eta profesionaltasunez, ohi duten moduan. Gazteentzat, berriz, denbora-pasa bikaina izan daiteke. Kirol apur bat ondo dator: dena ez dadila sudurzuritzea izan.
Zer, gustatu zaizue ideia? Lastima alderdi politikoek honelako proposamenak ez izatea! Hain zozoak dira guztiak! Hain irudimenbakoak!
Zer esanik ez: farraren paradisu batzuk eraiki beharko genituzke. Adibidez, Pasaiako kanpo-portua Parranden Parke Tematiko izan liteke. Pentsatu: propaganda ganoraz eginda, Europako herri guztietatik etorriko lirateke farra-ferryak eta hegazkinak! (metroa egin beharko litzateke Hondarribiko aireportutik). Akabo Ibizaraino joan beharra, akabo Salou! Gu izango gara parranda-turismoaren lehen potentzia!
FARRADISU: Parranden Parke Tematikoa izendatzeko ezberba; farra botatzeko prestatutako gune erraldoia, farraren paradisua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: