ezinegotzi
Askok beldur diote erretiro hitzari, heriotza profesionalari. Nolabait, erre egiten dugu ordura arteko bizitza, tiro egiten diogu izan garenari. Ez da erraza erretiratzen jakitea, zure bizimodua aldatzea. Eszenatokiak, adibidez, noizbait gloria eta orain momia diren izar jausiz beteta daude. Ez dakite (edo ez dute jakin nahi) behinolako ospeak ospa egin diela.
Politikara etorrita, erretiratu aditza iragangaitza da askorentzat: haien karguen iraungitze-datak txiklearen luzagarritasuna du. Zinegotzien zina lau urterako izaten da, baina hara!: politikari batzuek gaitasun ikaragarria dute politikagintzan betirauteko, boterearen besaulki erosoari norberaren ipurdiaren moldea emateko. Seguru kasta horretako politikariei bururatu zaiela erretiroa hartzeko adina 67 urte arte atzeratzea, haien ipurdi imantatuak zuritzeko.
Horrelako politikariei eskaintzen diegu gaurko ezberba:
EZINEGOTZI: erretiratu nahi ez duen politikaria, politikaren kontura (ederto) bizi nahi duena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: