Ezinaren ahala

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-01-31 08:22

Beste begirada bat,

eta eztarrian atera nahian

dudan maitasun guztia

eztanda eragingo didazu.

Bakarrik begirada bat

eta bizitza minez beteko didazu,

eztarrian eta begietan

metatzen zaidan zuremin sorgorrez

blaituko nauzu.

Nahikoa da begirada bat

eta zainak maitasunez

beteko dizkidazu.

 

Hemen,

lau gurpilen gainean goazela

Suzko Lurralderantz,

nire gogoak

nire gorputzak

nire begiradak

zure gogoan

zure gorputzean

zure begiradan

bat egin nahi dute

betikotu nahi dute

maitasunez eta bizitzaz.

irakin nahi dute.

 

Eta

zugana hurbiltzen naiz,

zure ile beltza

ezpainekin ia ukitzeraino,

eta nire min guztia

aitortzen dizut,

isil-isilik,

zuk ez entzuteko moduan,

eta berba horiek

esaten dizkizut

isil-isilik,

zuk entzutea nahiko nituzkeen

berba horiek,

eztarria eta begiak

minez gorritzen dizkidaten

bi berba esanezin horiek.

 

Munduaren amaieraraino

hirurehun eta hiru kilometro

geratzen dira.

Zu hogei zentimetrora zaude,

nire aurrean jesarrita,

eta, hala ere,

helezinagoa zara,

hain hurbil baina

aldi berean

hain urrun.

Gure arteko distantzia

ez da kilometrotan neurtzen

ezpada muga zeharkaezinetan.

Gure ezpainak

hain hurbil daudenean ere,

elkarrenganako irrika

ia ukigarria dirudienean ere,

bion artean altxatu dugun mugak

hor dirau,

eta horrexek bihurtzen du

gure arteko irrika

gordinagoa

biziagoa

desiragarriagoa.

 

Gure ezpainak

milimetro batera egon zirenean bezalaxe.

 

Esan zenuen:

Hara zer indartsua den ezina,

ahala ere ezinezko egiten du,

azken milimetro hau

amildegi bihurtzen du.


Baina nik ezina ahal bihurtu nahi nuke

zurekin.

Maitasuna maitasunez bete, zurekin.

Bizitza bizitzaz bete, zurekin.

Zurekin.

 

Ron Sniakin


Utzi iruzkina: