Euslandia / landiturismo

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-26 23:59

Euskal Herria lurralde erakargarri bihurtu behar dugu. Eta nola lortzen da hori? Hasteko, inguru guztiak azpiegiturekin hornituz. Hel gaitezen leku guztietara doministiku baten! Esan behar dugu bide onean goazela: autopistaz, biaduktoz eta tunelez betetzen ari gara bazter guztiak. Eta ez izan dudarik: porlana da aurrerapena neurtzeko irizpide nagusia.

 

Azpiegituren gaindosia da arrakastaren oinarria. Eta, horrekin batera, kontsumismo-turismo ez-jasangarria. Nora goaz landa-turismoarekin? Inora ere ez! Turismo masifikatua behar dugu. Datozela turista-oldeak metaka! Jakina, haien gustuko eskaintza osatu behar dugu. Gaur proposamen zehatza egingo dugu: landiturismoa. Bestela esanda: gure herria parke tematikoz betetzea. Jendeari jaia eta parranda gustatzen zaiola? Jailandia sortuko dugu. Bertan, urteko egun guztiak gorriz markaturik egongo dira. Europan porroak erretzea edo kokaina sudurzuloratzea galarazita dagoela? Drogalandian, dena libre! Telebistan agertu eta ospetsu bihurtu nahi dutenen egarria asetzeko, Realitylandia asmatuko dugu. Eta jendeak abentura gogorrak nahi baditu, gure produktu tipiko bat eskainiko diegu: ETAlandia.

 

Eskaintza horretako izar nagusia aurkeztuko dizuegu orain: Mendilandia. Argi dago euskaldunak oso mendizaleak garela. Zoritxarrez, gure mendiak txikitxoak dira. Gure mendizaleek Himalayaraino joan behar izaten dute zortzimilakoen bilduma osatzera. Milaka euskaldun kondenatuta daude ehunka kilometro egitera eskiatzen joateko. Hori guztia amaituko da Eusko Jaurlaritzak gure proposamena aintzat hartzen badu: Trebiñoko konderria erostea eta bertan Mendilandia sortzea.

 

Obretan eta zulogintzan ateratako lur guztia hara eramango dugu. Nahikoa ez dela? Bada, itsasoaren hondotik eramango dugu. Dena helburua lortzeko: bederatzi milako mendi erraldoi bat altxatzea. Mundu guztitik etorriko da jendea. Jakina, menditzar hori ondo hornitu behar dugu, megadendaz, megajatetxez, megadantzalekuz, megaeski-pistaz… Turista alferrentzat lur azpiko metro bat eraiki daiteke, tontorreraino lasai-lasai joan daitezen. Eta mendizale erronkazaleentzat, sekulako ibilbide gaitza presta daiteke: hormatzar ikaragarriak, glaziar arrakalez beteak… Has zaitezkete pentsatzen nolako izena jarri halako menditzarrari.

 

Guk badugu izen polit bat turistak metaka erakarriko dituen lurralde berri hori izendatzeko: Euslandia!

 

LANDITURISMO: parke tematikoen eskaintzan oinarritutako turismo masifikatua, edo aldra-turismoa.

EUSLANDIA: azpiegituraz, turismogune erraldoiez eta parke tematikotzarrez betetako lurralde ez-jasangarria, zeinak gutxi gorabehera lehengo Euskal Herria gehi Trebiñoko konderria batzen baititu.

 


Utzi iruzkina: