Euskal Literaturaren Misterioak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-06-05 13:00

Irakurle: jakinarazi nahi dizugu bihar bertan blogean euskal litaraturaren misterio bat argituko dugula. Hain zuzen ere, Euskal Literaturaren Misterioak (ELM) sailaren laugarren alea izango da. Sail horren helburua euskal literaturaren alde ilunei erreparatzea eta irri paratzea da, hots, haien kontura barre egitea, misterio horientzat azalpen bitxiak asmatuta.

Lehen hiru misterioak idazle klasikoei buruzkoak izan ziren (zergatik kartzelatu zuten Etxepare?; zergatik erabaki zuen Leizarragak Iesus Krist Gure Iaunaren Itun Berria itzultzea?; zergatik galdu zuen itzala Axularrek?). Laugarren honek, ostera, gai polemiko bat jorratuko du: zein irizpide erabiltzen dute argitaletxeek jasotzen dituzten izkribuei baietza edo ezetza emateko?

Beharbada hurrengo atala gure aldizkariaren zenbaki batzuekin zer gertatu den argitzeko erabili beharko dugu: erabateko misterioa da Txistu y Tamboliñen  bigarren aldiko aldizkariak (www.txistuytambolin.com webgunekoak) non arraio dauden. Gauza jakina da paperean atera genituen zenbakiak Literatur Aldizkarien Gordailuan daudela (http://andima.armiarma.com/txis/aurki.htm). Baina non arraio daude hortik aurrerakoak? Bigarren aldian atera genituen zenbakiak (…y este coño es mío; …eta dietan jarrai; eta abar labur bat) dagoeneko ez daude sarean (horien artean daude goian aipatu ditugun ELMko lehen testuak). Bitartekari bati pasatu genion zenbaki horietako materiala, CD batean, armiarmari jaten emateko. Horixe agindu zigun behintzat: literatur aldizkarien gordailua kudeatzen dutenei emango ziela zorioneko CD hori. Kontua da ez dakigula zer egin duen bitartekari horrek (ezer egin badu).  Dagoeneko urtebete pasatu da mesede hori eskatu genionetik, eta, beraz, agian ordua heldu da hipotesiak egiten hasteko: agindu ziguna laster baten bete ezean, Euskal Literaturaren Bosgarren Misterioa bitartekari horren eta galdutako CDaren ingurukoa izango da.

Jakina, gerta daiteke misterio hauek guztiak argitzeko hartu dugun lanak ezertarako ere balio ez izatea. Izan ere, misteriorik handienetako bat gure blog honi dagokio: nork ezagutzen du?; nork irakurri du inoiz bertako testuren bat? Susmoa dugu Txistu y Tamboliñeko idazle eta kolaboratzaileek (ohikoek zein ohiek) ere ozta-ozta ezagutzen dugula (dutela). Atera kontuak! Ikusezinak gara, ez gaude uberan. Gure kontsolamendurako, pentsatu beharko dugu hobe izaten dela mikroskopikoa izatea, denon ahotan murtxikatua sentitzea baino…

Amaitzeko, ohar bat egin nahi dizugu, irakurle, bihar argitaratuko dugun laugarren misterioari buruz: ez da gure errua testu horretako pertsonaiaren batekin identifikatzen bazara; hala bada, aforra zaitez: errealitatea beti da fikzioa baino krudelagoa.

 

ELMko erredakzio talde errea

 


Utzi iruzkina: