euroriko / nekronomia
Atzo, 2011ko Domu Santu egunean, ekonomia hil zen. Batzuek diotenez, hiltzailea Filipinetan jaiotako zazpi mila milioigarren biztanlea izan da. Haren jaiotza azken bultzadatxoa izan ei da ekonomia amildegian behera bidaltzeko. Baina ez, hori diotenak oker daude, zeren benetako hiltzailea Giorgos Papandreu izan da. Eta badakigu zein arma erabili duen: demokrazia. Bai, ez izan dudarik: demokraziak hil du ekonomia. Jakina, zer egin zezaketen greziar hauek bestela? Ez al zuten haiek sortu erregimen mota hori, Atenasko polisean? Bada, arma horixe erabili dute oraingoan ere: herri-galdeketa. Eta, denok dakigunez, ekonomiarentzat ez dago arma hilgarriagorik herriari galdetzea baino. Sistema kapitalistaren desgraziarako, greziarren demokraziak munduan nagusi den dirukrazia hankaz gora jarri du.
Hilketa horren eraginak ezkutatu nahian ibiliko dira espekulatzaileen txotxongilo diren agintariak, baina alferrik dabiltza. Kaltea eginda dago. Hara zer eragin duen ekonomiaren heriotzak: Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko gela blindatuetan gordetzen zen urre guztia basamortuko harea bihurtu da, eta billete guztiak, komuneko papera. Europako Batasuneko diruak euroriko galanta izan du, eta bostehuneko billete horiek ez dute ezta sutarako balio. Munduko burtsa nagusietako balioak —baloiak bezala artifizialki puztuta zeudenak— zulatu egin dira, eta hustu. Haustu. Burtsetako poltsak eta poltsikoak hutsik daudenez, ekonomiaren tenplu pagano horiek birmoldatu egingo dira, eta Nekronomiaren Basilika bihurtuko dira. Bisita gidatuak antolatzen hasiko dira, sistema kapitalistaren hondamendia azaltzeko, eta hondamendi horrek eragin duen hondamundia.
Zer zaudete itxaroten? Berandu izan orduko, joan zaitezte banketxera eta atera diru guztiak. Ea zer gertatzen den. Eurorik gabe gelditzen badira, euroriko galanta hartuko dute!
EURORIKO: euroaren balioaren erorikoa.
NEKRONOMIA: ekonomiaren heriotza.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: