Europar Banasuna

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-12 23:58

 

Europar Batasuna (EB) Europako 27 estatuk osatzen duten nazioz gaindiko erakundea da. Barregura ematen digu batasun hitzak: egia esateko, euroa da batzen gaituen gauza bakarra. Bestela, anabasa nagusi. Hogeita hiru hizkuntza ofizial daude eta! Gaur egun, Europar Batasuna Babel erraldoia da. Gaurko artikulutxo honen bidez, proposamen sendoa egin nahi diegu gure agintariei europarren benetako batasuna lortzeko.

Begira diezaiegun AEBei. Horiek bai! Ez dago munduan abertzale handiagorik! Himnoa dute, txanpona eta hizkuntza. Bat eta bakarra. Guk berdin jokatu beharko genuke. Utikan nazionalismoak! Alabamarrak eta georgiarrak elkarren aurka ibiltzen dira? Ez, ezta? Haien aberria Amerikako Estatu Batuak dira, hori ondotxo dakite!

Raxoi jauna: zuen alderdiak arrazoi du. Nazionalistak oker daude. Zertan ari dira bakoitza bere astoari arre esaten? Txokokeriak albo batera utzi behar ditugu! Europar Batasunean ez dago lekurik XIX. mendeko ameskerientzat! Baina berorrek, gizon prestua eta ausarta denez gero, erraz ulertuko du urrunago heldu behar dela. Hizkuntzen gehiegikeria hori, adibidez, guztiz kaltegarria da. Nafarroako Foru Erkidegoaren eredua jarraitu beharko genuke: bertan, garrantzi handia ematen diote ingelesari. Argi dute hizkuntza hori dela etorkizun oparoaren giltza. Hain zuzen ere, eredu hori bultzatu beharko genuke estatu guztietan: ingelesa izan dadila Europako hiritar guztien hizkuntza ofizial bakarra! Horixe da etorkizuna, eta ez bestelako hizkuntza baztertzaileen erabilera politizatuan tematzea. Anima bedi berori Shakespeareren hizkuntza ikastera, eta ezar bedi Espainian hizkuntza ofizial bakar moduan. Horrela, aitzindaria izango da berori Europako hizkuntza bakarraren normalizazioan.

Baina urrunago joan behar da. Europarrok benetako batasuna izateko, hizkuntza bakarra ez ezik, selekzio bakarra ere izan behar dugu. Imajinatzen duzue Coloradoko futbol selekzioa Idahokoaren aurka? Ez, ezta? Bada, zer arraio ari dira oraindik elkarren aurka lehiatzen Espainia eta Frantziako selekzioak? Europa nazio bakarra izan dadin, selekzio bakarra behar dugu, eta ez hogeita zazpi. Gaur egungo estatuen nazionalismo horiek zaharkituta daude. Aurrera begiratu behar dugu: hurrengo olinpiadetan, akabo Espainia, Portugal edo Frantzia! Joan daitezela guztiak Europako banderarekin!

Bitartean, Europako Batasuna, egiaz, Babelonia da (edo are okerrago: Babolonia). Izen horiek antzinako Babilonia dakarkigute gogora. Zer zen Mesopotamiako hiri hori? Harresiz inguratutako barrutien segida. Gure Babelonia moderno hau ere harresiz bete ditugu: nola izango dugu europar kontzientzia hainbeste mugarekin? Babilonia ezaguna zen haren likiskeria eta harrokeriagatik: Urdanga Handia esaten zioten. Gure Babelonia hau bide beretik doa. Ez badugu benetako batasuna lortzen, gureak egin du. Izan gaitezen zintzoak: hau ez da Europar Batasuna, ezpada ze Europar Banasuna.

EUROPAR BANASUNA: Europako estatu gehienek osatzen duten erakunde babelikoa, zeina batasunaren antipodetan dagoen.


Utzi iruzkina: