Eta honi deitzen diote bizitza
Eta honi deitzen diote bizitza
espermatozoide geldoen eta txarto egositako obuluen txori-kaka honi
neguko gauetako hordikerian desarratutako tiro zentzunbakoak garenoi
baina orain negarra da txarrena
munduak ez du behar jausitako txorien erretolikarik
alferrik dira kaiolak askatasuna amesten ez dutenentzat
begiak zabaltzea hondakin bihurtutako utopiak elikatzea bezain antzua da dagoeneko
errotik ateratako haginen irribarrea bezain faltsua
zertarako balio dute tabernen komunetan hondoratutako gaztaroko ametsek
salbazioaren esperantza nekagarria da hainbeste urteren ostean
ez gara orain hasiko etsipenaren ganbaran zokoratutako argazki zaharrak iratzartzen
eta nork esan zuen eboluzioa dela bizitzaren helburua
bata bestearen gainean pilatutako erroreen bilduma da gure eraikin bakarra
zirkuluak eginez aurrera egin nahi duten beldarrak gara
labean apropos ahaztutako jainkokume gardostuak
autopista berrien abiadurak onartzen ez dituen ostatu zaharkituak
guretzat ez dago ez olio ez ukendu magikorik
berandu da ametsak basamortuz elikatu ditugunontzat
euliak gara igelaren mihian
jausitako arbolaren begirada darigu
eta hala ere
eta horregatik
inork ez digu kenduko berriro mozkortzeko plazera
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: