ETA erakundearen komunikatua
ETA (Euskadi Ta Amnesia) erakunde sortu berriak hauxe jakinarazi nahi du: oso kezkatuta gaude, oroitzea terrorismoa goratzea dela argudiatuta Guardia Zibilak Aritxulegin hildako batzuen memorian landatutako basoa zuztarretik erauzi duela-eta (BERRIA, 2014-06-04, Oroimena landatzeagatik bost atxilotu). Kontua da 239 haritz eraman dituztela eta agian lekuko gisa deklaratzera behartuko dituztela.
Horrelako izugarrikeriarik berriro gerta ez dadin, proposamen ausarta egin nahi diogu euskal jendarteari, denon artean etorkizun hobea eraikitzeko asmoz: “terrorismo”arekin lotutako oroitzapen guztiak amnesian hartu, eta segi aurrera!
Nola gauzatu proposamen hori? Oso erraza: herri guztietan seigarren edukiontzia jarriz. Ez zaizue ideia iraultzailea iruditzen? Plastikoa, papera, beira… birziklatzeaz gainera, orain aukera izango dugu terrorismoaren apologiaz lotu daitezkeen ideia eta oroitzapen guztiak seigarren edukiontzira botatzeko.
Bai, badakigu urteotan asko eztabaidatu dela zaborra birziklatzeko eraz, eta badirela atez ateko sistemaren aldekoak ere. Hain zuzen ere, gure susmoa da atez atekoaren etsairik etsaienak izango liratekeela sistema horren apologistarik handienak (guk proposatzen duguna aurrera eramateko, behinik behin), Carlos Urkijo jaun txit agorgarria buru dutela.
Etxerik etxe imajinatzen dugu Espainiako gobernuaren ordezkaria, gurutzea esku batean eta konstituzioa bestean, oroitzapen terroristak dituenari behin eta berriz zera oihukatzen: ¡“El poder del Borbón te obliga!”
Jakina, gure artean izan diren gorroto eta ezinikusi guztiak baztertzeko, beharbada zazpigarren edukiontzia ere jarri beharko litzateke, euskaltasunaren aurkako herra guztiak bertan desarratzeko eta deserrotzeko (Urkijo jauna, baliteke buruan duzun gorroto-metaketa hori izatea, hain zuzen ere, zure alupeziaren erruduna).
Amaitzeko, hurrengo udal hauteskundeei begira, alderdi politikoei eskatzen diegu gure proposamena kontuan izateko.
Gora Euskadi Amnesikoa!
ETA (Euskadi Ta Amnesia)
Oharra: beharbada, amnesiak historia errepikatzera kondenatuko gaitu, baina begiratu alde ona: ez gara horretaz kontziente izango.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: