espainuldu
Baina nola ez dira orain arte konturatu? Lagunak: guk daukagu krisi ekonomikoa konpontzeko errezeta. Konponbidea erraza da: Espainia desegitea. Kito!
Bai, ez da ekonomian aditua izan behar ondorio horretara heltzeko. Esaiguzue: zer gertatzen da enpresa bat zorrez gainezka dagoenean? Kasurik onenean, langile batzuk kaleratzen dituzte, aurrera jarraitu ahal izateko. Baina maiz neurri hori ez da nahikoa arazoa konpontzeko, eta azkenean enpresa ixtea beste erremediorik ez dago. Zorrak ordaindu gabe geratzen dira, eta langile guztiak, kale gorrian.
Estatuak, azken batean, enpresak bezalakoak dira. Enpresa erraldoiak. Beraz, argi dago: lehen pausua enpresa horretako langile batzuk kalera botatzea da. Bestela esanda: autonomia batzuk estatutik kanporatzea. Boluntariorik? Badirudi katalanak eta euskaldunak prest daudela neke hori hartzeko. Dena Espainia salbatzearren!
Baina egoera oso larria ei da. Ziur asko, erremedio bakarra enpresa ixtea izango da: Espainia Expainia bihurtzea. Zer egingo diogu! Inoiz baino errealagoa izango da espainolistoen aldarri hura (Santiago y cierra España!). Imajinatzen duzue hartzekodunen aurpegia, zorra kobratzera datozenean? Espainia itxita topatuko dute. Heriotzagatik itxia. Arazoa, konponduta: nola demontre kobratuko diozu gorpu bati?
Ez, ez zaitezte tristatu. Ezer ez da betiko. Neguaren ostean, etorriko da udaberria. Eta zer jazotzen da neguan? Bada, zuhaitzak uldu egiten direla, hostoez gabetzen direla. Era berean, espainiarrak Espainaz uldu egin behar dira. Edo hori, edo zorrak jango gaitu.
Eta bai: etorriko da udaberria. Lurrak bueltaka jarraituko du Eguzkiaren inguruan, Espainiarekin edo Espainiarik gabe. Izan gaitezen baikorrak. Erreparatu alde onei: lehenak izango gara Europan anarkismoa praktikara eramaten: burujabetzatik burugabetzara! Horra hor munduari egin diezaiokegun ekarpenik handiena. Bakoitzak egin dezala nahi duena, elkar dadila nahi duenarekin! Zorren zama gainetik kenduta, errazago egingo dugu aurrera!
Bestela, badago beste irtenbide bat: Espainia txinatarrei saltzea. Gure herrietan lokal on guztiak ari dira harrapatzen. Ez dira enteratu krisiaz. Horiek bai, horiek di-da baten konponduko dituzte gure min ekonomiko guztiak!
ESPAINULDU: Espainiaz gabetu; Espainia desegin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: