Esker ona

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-12-31 10:02

Partidu Populistak erraz irabazi zituen hauteskundeak. Gakoa hautagaiaren orrazkera anarkikoa izan zen, haren txima orraztugabeak. Horixe zen buruzagi populisten arrakastaren sekretua, hain zuzen ere.

Hauteskundeak irabazi izana eskertzeko, presidentea hiriburuko auzo pobreenera joan zen bere populismoa paseiatzera, han lortu baitzituen emaitzarik onenak.

Pobre populismozaleek txaloka eta bibaka hartu zuten euren idolo orraztugabe berria. Presidenteak gortea zekarren haren atzetik, AIT (Atzamarrez Izendatutako Funtzionarioak) erakunde berriko langileez osatua. Haien lehen eginkizuna "Txiringitoak Desmontatzeko Kanpaina" zen. Presidenteak esan zuenez, auzo hartan hasiko ziren zeregin hartan, nola eta aurreko gobernuak pobreak pobre izaten jarrai zezaten emaniko dirulaguntzak etenda. 

-Dirulaguntza horiek baliatu dituzte zuen botoak erosteko. Orain, dirulaguntzak kenduta, askeak izango zarete- esan zien presidenteak. Han bilduak berriro hasi ziren txaloka eta bibaka, "EZ, EZ, EZ, DIRULAGUNTZARIK EZ" errime oihukatuz.

Presidenteak, ilearen nahasmena areago nahaspilatuz, AIFeko langileei esan zien pobre haiek guztiak ilaran jartzeko, zeren ailegatua zen haien pobreziatik ateratzeko unea.

Orduan kamioiak heldu ziren, kutxaz beteak.

-Aberkideok, gaurtik aurrera zuen bizitza berria hasiko da -esan zien presidenteak.

Eta agindu zien kutxa haietan sartzeko.

Tamaina guztietakoak zeuden, eta bakoitzak bere neurrikoa aukeratu ahal izan zuen. 

-Hemendik aurrera ez duzue zergarik ordainduko. Amaitu da zuen etxe pobreetako bizimodu latza. Kutxa eroso horietan ez duzue itoginik izango, ezta lapurren beldurrik ere, kutxa barruan ez baituzue ezer izango. Eta onena zera izango da, kutxa barruan ezkutatuta zuen miseria ez dela ikusiko. 

Pobreak txaloka eta bibaka hasi ziren, haien pobrezia kutxa barruan ezkutatuta geratuko baitzen.

-Eta gainera -jarraitu zuen lehendakariak, tximak harrotuz- kanposantu aldera eramango zaituztegu. Zuen auzo hau ibai ondoan dago, eta umeltasuna eta iluntasuna dira nagusi. Han goian, berriz, aire garbiaz gozatuko duzue, eta ikuspegi ederra izango duzue.

-Baina presidente jauna -esan zion pobre batek, hanka bat kutxan sartzen ari zela-, kutxa barruan bagaude, ez dugu ezer ikusiko.

-Aberkide maitea, ikuspegia ez da garrantzitsuena, hura irudikatzea baino. Kutxan sartu baino lehen, azken aldiz begiratuko duzue ingurua, eta irudi hori gordetzea izango da kutxa barruan gordeko duzuen altxorra. Zinez diotsuet: zuen oroitzapen hori, denborarekin, gero eta ederragoa izango da, eta ez duzue nahi izango berriro kutxatik irten, zeren zuen oroitzapena errealitatea baino askoz ederragoa izango da.

-Presidente, eta jatekoa ekarriko diguzue? -galdetu zion beste pobre batek, kutxa barrutik. 

AIFeko funtzionario batek kutxaren estalkia iltzatzen zuen bitartean, presidenteak, eskuak altxaturik, ozen erantzun zion galdera hari.

-Zorionekoak zuek, zeren hemendik aurrera ez duzue jan beharraren mendekotasuna nozituko. Horren ordez, AIFeko funtzionarioek zoriontasunaren gasa sartuko dute kutxetan tutu txiki batetik. Dosi bakarra aski izango da zoriontasun eternoaz goza dezazuen. Horri esker, zuen arazo, beldur eta tristezia guztiak finituko dira. Ez al da zoragarria?

Eta pobreak, nor bere kutxa barrutik, txaloka eta bibaka hasi ziren azken aldiz, esker onez, presidentea baitzen haien idoloa, pobreziatik betiko aterako zituena.

Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: