errekasta jo

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-31 13:22

Arrakasta tontor garaia da, konkistatzeko zaila. Hainbat modu erabil daitezke bertara ailegatzeko. Norberaren esfortzuz eta izerdiz hel daiteke, edo besteen laguntzaz. Edonola iritsita ere, arrakastaren tontorrean egoteak badu arriskua: altueraren gaitzak jo zaitzake. Famak zorabioa eragiten du, eta zorabio horrek burua endredatuko dizu buru hori ondo hornituta ez baduzu. Famak eta dirua erraz eta eurrez izateak gehiegizko afanaren arriskua dakar. Bat-batean asko izateak gehiago nahi izateko irrika pitz dezake. Eta irrika horrek erreka jotzera eramango zaitu, ziur egon.

Zenbat kirolarik jo dute erreka fama eta dirua behar bezala erabiltzen jakin ez dutelako? Arrakastaren sukarrak arrastaka eraman ditu erreka jotzera. Zenbat ospetsuk amaitu dute errekasta jota? Zenbat aktorek nahastu dute errealitatea eta fikzioa? Arrakasta ere halako fikzio arriskutsua da, errealitatea irrealtasunerantz irristarazten duena.

Urtearen tontorrera heldu gara. Bertatik ikusten den paisaian, besteak beste errekasta jo dutenak ageri dira. Hor dugu, esate baterako, Urdangarin gizajoa, arrakastak erreta, errekasta jota.

ERREKASTA JO: arrakasta txarto erabiltzeagatik erreka jotzea.

 


Utzi iruzkina: