Erregea eta erle erregina

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2010-10-13 12:33

Aspaldi baten, erresuma urrun batean, bazen erleak gorroto zituen errege bat. Bere armadako buruzagiei esan zien:

—Erresumako erle guztiak akabatu behar dituzue.

Hegan zebilen euli batek dena entzun zuen, eta erlauntzara joan zen, entzundakoa kontatzera.

Hurrengo egunean, erle erregina erregearen gaztelura joan zen.

—Entzun dut erle guztiak akabatu nahi dituzula. Bada, jakin ezazu erleak ez garela akabatzen. Gu, erleok, zuen antzera, hil egiten gara. Destainaz tratatu gaituzunez, erronka egitera etorri naiz: egin dezagun guk biok borrokan.

Erregea barreka hasi zen.

—Nahi duanean! Birrindu egingo haut!

—Ondo da. Bihar bueltatuko naiz. Harrapatzen banauzu, emakume bihurtu eta berton geratuko naiz; nik eztena sartzen badizut, berriz, zu erle bihurtu eta gure erlauntzan biziko zara.

—Ados! Joan hadi orain erlauntzara, eta esan agur erletxoei, bihar hemen geratu beharko duk eta.

Erle erreginak, alde egin orduko, azken berba batzuk esan zizkion erregeari:

—Ah! Eta jakin ezazu erleei ez zaiela hika egiten, zuka baino.

Biharamunean, agindutako moduan, erle erregina gaztelura joan eta erregearen ganberan sartu zen, leihotik. Erregea jauzika hasi zen, erle lotsabako hura harrapatu nahian. Eta, halako batean, eskuan hartu zuen. Baina, atzematearekin batera, erlearen eztenkada igarri zuen esku-ahurrean.

Egun hartan, gazteluko zerbitzariek emakume eder bat ikusi zuten erregearen ganberatik ateratzen, haren koroa buruan zuela. Erregea ez zuten ikusi, bere burua erle bihurturik ikusi zuenean leihotik alde egin baitzuen, lotsaturik.

Handik aurrera, erresuma hartan, erregina eder hark agindu zuen, eta erleei zuka egin zieten. Erlauntzan, berriz, ordura arte ikusi gabeko erle zatar bat agertu zen: erle nagia.

 

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: