Errailtzaina eta urkagaia
Errailtzaina telebistari begira zegoen. Lehenengoz eman behar zuten zuzenean urkatze bat, eta horrek polemika handia eragin zuen. Etika eta morala aipatu ziren erabaki horren aurka egiteko. Baina urkatzea zuzenean emateko telebista-kateak jarritako dirutzak ahalmen handiagoa bide zuen. Eta, azkenerako, ikusle-kuotak arrazoia eman zion telebista-kateari: morboak beti izan ohi du bezero gehiago etikak baino. Heriotza-zigorraren aurkako asko ere telebistari begira zeuden, garagardoa eskuan eta olibak platertxoan.
Errailtzaina ez. Ez zekien urkatzea eman behar zuten ere. Berak ordu hartan normalean ematen zuten entretenimendu-programa ikusteko piztu zuen telebista, baina hara, egun hartan ezohiko denborapasa zegoen pantailan. Bazuen denbora: hurrengo trena pasatzeko ordu erdi falta zen. Eta orratz-aldaketa lan erraza zen berarentzat: berrogei urtez zebilen trenei bidea zabaltzen.
Dena zegoen prest urkamendian. Hantxe zegoen borreroa, zain. Plaza ikuslez beterik zegoen. Ederto ordaindu zuten ikuskizun hartaz gozatzeko, baina sikeran ere prezioaren barruan freskagarriak eta patata frijituak eman zizkieten. Edari alkoholikorik ez, adin txikikoei eredu txarrik ez emateko. Lagun zuten eguraldia: bezperako euriak udaberriko egun bati utzi zion lekua, ikuskizun hark zeruaren oniritzia izango balu legez. Plazako aulkietan jesarritako jendeak horixe bera pentsatzen zuen: jaungoikoaren bedeinkaziotzat hartu zuten egun epel hura; zalantza barik, mundua bidezkoagoa izango zen urkabean hiltzeko zigorturik zegoen presoaren hanka-dantza geldituz gero. Deabruak jarraitzaile bat gutxiago izango zuen behintzat.
Errailtzainak hipnotizaturik begiratzen zion telebistari. Ezin zuen ulertu jendearen morbo kolektibo hura. Eta pena sentitu zuen kondenatua plazan agertu zenean, katea astunez lotua. Zaintzaile bat zuen aurrean, beste bat atzean. Lurrera jausten zenean, zaintzaileek zartadaka altxarazten zuten. Prozesioa astiro zihoan plazan aurrerantz: jendeak aulkietatik altxatu eta kondenatuaren ibilera oztopatzen zuen hura ukitzeko eta benetakoa zen egiaztatzeko. Batzuk zeinatu egiten ziren, deabruaren mezulariaren aurrean zeudelakoan. Eta gehienek birao egiten zioten, ikuskizun hargatik hainbeste diru ordaindu izanak hartarako baimena emango balie legez. Azkenean, trikili-trakala, prozesioa oholtzara heldu zen. Eskailerak igo eta urkagaia oholtzaren erdian jarri zuten. Orduan, borreroa kondenatuari kapusaia altxatzera zihoanean, aurkezlea agertu zen, mikrofonoa eskuan.
-Jaun-andreok, kondenatuaren aurpegia ikusi nahi duzue, ezta? Baina egon apur batean, lehenengo publizitatearen txanda da. Ez zaitezela joan, laster gara bueltan!
Errailtzainak deitoratu egin zuen telebistaren morrontza komertzial hura.
-Sar ditzatela iragarkiak ipurtzulotik! -esan zuen haserre, erlojuari begiratuz.
Oraindik bazituen hamabost minutu. Komunera joan zen, parrastadatxoa botatzera. Egongelatik, iragarkien burrundara gogaikarria zetorkion. Telefono-konpainia harenak gorroto zituen bereziki: heriotza-zigorra inork merezi bazuen, iragarki haien egileak merezi zuen.
Telebista aurrean plantatu zenerako, urduritzen hasita zegoen: minutu gutxi batzuk geratzen zitzaizkion. Aurkezle enplastu hura han zebilen barregarrikeriak esaten, arranpalo inozo halakoa! Eskerrak behingoan kondenatuari kapusaia kentzeko agindu zion borreroari. Plaza osoa isilik geratu zen, adi-adi. Kapusaia altxatu eta...
Errailtzainak urkagaiaren aurpegia ikusi eta trenaren fiu-fiu hurbila entzun, batera gertatu ziren. Besaulkitik altxatu eta airean joan zen kanpora, sabelean sentsazio arraroa zuela: urkagaiaren aurpegi hura iltzatuta geratu zitzaion. Ezaguna zitzaion, baina nondik? Amesgaiztoren batetik?
Baina hura ez zen amesgaiztoa, sarritan izaten zuena: trenaren traka-traka entzuten zuen, eta lasterka abiatzen zen orratzak aldatzera, baina hankek ez zuten aurrera egiten, eta trena bazetorren, bazetorren...
Ez, hura benetan gertatzen ari zen: bazetorren trena, eta, arnasestuka joan arren, ez zen ailegatuko. Amesgaiztoaren kondenak errealitate bihurtu behar zuen. Hamar metrora zegoen trena paretik pasatu zenean. Begietara eraman zituen eskuak, istripua ez ikusteko. Baina ez. Trenaren traka-traka lasaia entzun zuen, besterik ez. Geltokirantz joaten ikusi zuen, ezer gertatu ez balitz bezala.
Nork aldatu zituen orratzak? Pentsamendu haren durundia sentitzen zuen lokietan, punpaka, bera ere geltokirantz zihoala lasterka, egiaztatzeko eszena hura egiazkoa zela, eta ez amesgaizto batetik etorritakoa.
Pasaiariak ikusi zituen nasara jaisten. Ez zitzaien izua nabaritzen begietan. Berbetan zetozen, inolako arriskuren ezjakinean. Orduantxe ikusi zuen, pasaiari guztien artean. Bera zen, kondenatua, telebistan urkatzeko zorian zegoen berbera. Oinaztuak jota legez geratu zen errailtzaina.
Bat-batean, susmo batek hartu zuen, ideia ero batek. Eta lasterka joan zen etxera. Zalaparta entzun zuen, telebistatik zetorrena. Plazan bildutako jendetza zutundurik zegoen. Eta haserre. Batzuk dirua bueltatzeko eskatzen ari ziren, hura iruzurra zela. Aurkezlea, oholtzatik, lasaitzeko eskatzen ari zen, saiatuko zirela gertatutakoa argitzen. Ez zekitela zerk huts egin zuen.
Orduan eman zituzten berriro irudiak, futbol-partidetan golaren errepikapena ematen duten bezala: borreroa palankari eragiten eta urkagaia oholtzako tranpatik behera jausten, soka han goian dilindan geratzen zela. Berehala abiatu ziren zaintzaileak urkagaiaren bila oholtzapera, arrastorik ez baina.
Irribarrea etorri zen errailtzainaren bisaiara. "Justizia egin da", pentsatu zuen. Eta, telebista amatatu baino lehen, esker onez begiratu zion borreroari.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: