erostismo / merkelaldi

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-01-09 23:45

Egunotan hasi da merkealdia. Krisi garaian, gora bihotzak eta behera penak! Badirudi erosi aditzaren jatorrian Eros jainkoa dagoela: erostea maitatzea bezain ekintza konpultsiboa da. Batzuek halako erakarpen erosexuala sentitzen dute dendetako salgaiekiko. Berdin dio behar ditugun edo ez: erostean-perostean ibiltzen gara dendarik denda. Kirol olinpiko bihurtu beharko lukete maratoi erostiko hori.

 

Edozein modutan ere, ez dugu gauza bat ulertzen: nola dakien Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independienteen Federazioak euskaldunok batez beste 92 euro gastatuko ditugula merkealdian, hau da, iaz baino seina euro gehiago. Diotenez, dirua aurreztearren gastatuko dugu diru gehiago. Bitxia gero! Garesti ordainduko dugu merkealdia…

 

Aspaldi samar hasi dena merkelaldia izan da. Egunotan Burdinazko Dama izeneko filma estreinatu da, Margaret Thatcher politikariaren bizitzan oinarritua. Gogorra eta zurruna zelako jarri zioten ezizena. Gaurko Burdinazko Dama, berriz, Angela Merkel da. Burdinazko Aingerua. Euskal itxura du Angelaren abizenak: Merkel. Adjektibo moduan proposatzen dugu: zer da pertsona merkela? Bada, gogorra eta zurruna, errukirik ez duena. Adjektibo horretatik aditza ere sor daiteke (merkeldu). Amaitzeko, gaurko bigarren ezberbak gaztelaniazko “vacas flacas” adierazteko balio dezake.

 

Badakigu merkealdia noiz hasten eta noiz amaitzen den, baina askoz ere gaitzagoa da jakiten noiz amaituko den merkelaldia. Merkelaldian, zoritxarrez, behera bihotzak eta gora penak!

 

 

EROSTISMO: dendaz denda ibiltzeak eta modu konpultsiboan erosteak sortzen digun erotismoa.

 

MERKELALDI: krisi garaia.


Utzi iruzkina: