erosotzaile

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-27 22:17

Gizarte baten kemena edo ahulezia kalkulatzeko irizpideetako bat erosokeria izan ohi da. Erraza da formula: zenbat eta bizimodu errazagoa, orduan eta gizarte makalagoa. Kolperik jo gabe ederto baten bizitzeko aukera duenarentzat lana ez da sekula beharra izango. Lanaren beharra duenak eta burua ateratzeko egunero izerdiaren kolpeak jo behar dituenak, berriz, ez du astirik erosokerietarako. Adibidez, erosotasuna zer zen ez zekiten gerra zibila eta haren osteko urte latzak pairatu zituztenek. Nahikoa lan bizirik irauteko! Haien ilobak bestelako munduan bizi izan dira baina. Haien beharrak berehala asetzen izan dira: nahikoa zen nahi dut esatea nahi zutena lortzeko. Haientzat munduak Olentzeroren inguruan egiten zuen bira. Haien unibertsoan, izerdia izar urruna izan da.

Erosoen erasora ohitu behar izan dugu. Zertarako altxatu ipurdia paperontziraino? Errazagoa da hondakinak edonon botatzea. Adibide xumea da, baina horrelako asko eman daitezke. Hona hemen beste bat: elbarrituen aparkalekuetan aparkatzea, nahiz eta gabezia bakarra errespetu eza izan. Horrelako erosotzaileak nonahi topa daitezke. Etxe askotan daude. Ohea egin? Amak (Emazteak) egin dezala! Zenbat seme (alaba) liberatu daude gurasoen etxera bazkaltzera doazenak? Zenbat ama bihurtu dira seme (alaba) liberatuen zerbitzari? Norberaren etxea bakarrik ez, semearena (alabarena) ere garbitu behar du ama batek baino gehiagok. Norberaren arropa zikinak bakarrik ez: semeak (alabak) dakartzanak ere garbitu (eta lisatu) behar ditu ama batek baino gehiagok.

Erosotzailearen unibertsoaren erdia beraren zilborra da. Eta kaltegabeak balira! Baina ez: erosotzailea bizkarroia da. Inoren kontura bizi da. Lan egin dezala albokoak! Erosotzailea, erasotzailea.

EROSOTZAILE: eroso bizi izateko eta ezer ez egiteko edozer egiteko prest dagoena; inoren kontura bizi den bizkarroia.  


Utzi iruzkina: