Erlojua

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-06-03 09:10

Emazteak, ohetik, azken desioa esan zidan: haren jaioterrira joan eta etxearen aurrean zegoen pikondoaren azpian lurperatutako kutxatxoa bilatu behar nuen. Barruan erloju bat topatuko nuen, umezaroko altxor preziatua. Ordu askoko bidaiaren ostean, erraz topatu nuen etxea eta pikondoa. Haren azpian neskato bat zegoen jesarrita. Kutxatxo bat zuen altzoan, eta bertatik erlojua atera eta eskumuturrean jarri zuen.

—Badabil oraindino! —esan zidan.

Neskatoaren begietan, emaztearen desio betea ikusi nuen.

                                 

                                                            Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: