entzikolpedia
Entziklopedismoak XVIII. mendean, besteak beste, honako helburuak izan zituen: garaiko jakituriaren berri zabaltzea, gizakien garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko; ideia errepublikar eta demokratikoak zabaltzea; orduko sistemaren akatsak azaltzea; gizakiaren berezko askatasunaren alde borrokatzea… Berba batera ekarrita: argia. Argien Mendea.
Entziklopedismoaren antipodetan dago bortxa modu antolatu eta sistematikoan erabiltzea, estatuaren bermeaz eta zigorgabetasunaren babesean. Argia ez da preseski atxilotuak egoten diren gela horien ezaugarri nagusia. Bertan erabili ohi den entziklopedia bakarra telefono-aurkibidea da. Eta irakaspenak kolpeka datoz.
Estatuen hesteetara ez da argia heltzen. Argia kameren eta fokuen momentu distiratsuetarako utzi behar da, mitin handiosetarako, zuzenbide-estatuan bizi baikara, noski. Hesteak, ordea, ez dira zuzenak. Okerrak dira, bihurriak. Txoko ezkutu asko dituzte, ilun-ilunak. Bertan garbitzen dira sistemaren bizioak. Zizareak.
Bihar Donostian kamerak eta fokuak izango dira, ugari. Argia nagusi izan dadila, bai. Eta ea gauza diren argi hori estatuaren heste bihurri horietaraino eramaten, kamerarik eta fokurik gabeko gela ilun horietaraino. Ea sistemak barrunbe horietan erabiltzen duen bortxaren entzikolpedia betiko ixten den.
Kostako da!
ENTZIKOLPEDIA: bortxa baliatzea argumentu bakartzat; arrazoirik ezean, indarra erabiltzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: