Egunerokotasuna
Bost urte pasatu dira
edo hamar edo hogei
eta goiz batean bat-batean
dena zalantzan jarri duzu.
Zer egiten dut hemen pertsona horrekin.
Huskeria batek bota ditzake zuen artekoa
komuneko zulotik.
Zer ordu da, galdetu diozu
eta ez dizu erantzun:
hainbeste urteren ostean
mugikorra izaki erakargarriagoa zaio, antza.
Elurra bezain geldo sentitu duzu etsipena
bihotzean mara-mara.
Bizitako guztia komuneko zulotik botatzea
urteetako etsipena komunetik behera
botaka egitea.
Zeure burua imajinatu duzu besaulkitik altxatzen
eta zauden moduan kalera irteten
bueltako giltzarik gabe.
Joan, urrundu, alde egin.
Hainbeste urte atzean utzi
urrats bakoitzean urrundu.
Baina besaulkian zaude
bost, hamar, hogei urtean sakondutako erosotasunean eroso
eta erabaki duzu dagoeneko ez duzula erabakitzeko ahalmenik.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: