Dominique Amnesia

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-01-12 12:03

Atean zure ezizena irakurriko duzu: Dominique Amnesia. Eta sartu egingo zara. Ezerezetik sortua bezala, basamortua topatuko duzu atearen bestaldean. Oinez hasiko zara hondar-muino amaigabeetan, baina urrats bakoitzeko apur bat hondoratuko zara. Lehenengo belaunetaraino, laster gerriraino, ondoren bularretaraino. Eta hondoratze hori amaren sabelera bueltatzea bezalakoa izango da, beroa eta umela. Harea ahoan sartuko zaizu, sudurrean, belarrietan. Gero, jaustearen sentsazioa, mendea lako denboran amiltzen igarriko duzu zeure burua, baina hain arin pasatuko da, begiak zabaldu orduko beste toki batean itzartuko zara, infernua irudituko zaizuna. Intziriak entzungo dituzu iretargia bezala kraterrez betetako inguru hartan, eta krater haietako batera hurbilduko zara. Barrua labaz gainezka idoroko duzu, eta laba horretatik besoak agertuko dira, ebatu eta barrurantz eramango zaituztenak. Kraterraren barruan eskailera bat topatuko duzu, eta jaisten hasiko zara, jaisten, jaisten, eta mailak amaiezinak egingo zaizkizu, baina azkenean tximistorratz batera iritsiko zara. Tximistorratzean zizelkatuta hiru letra irakurriko dituzu, berba bat osatzen dutena, eta berba hori ezaguna egingo zaizu, zure hizkuntzako erabiliena begitanduko baitzaizu. Zure ingurura begiratuta, kanpandorre batean zaudela konturatuko zara, baina kanpaien lekuan zanpantzar erraldoien eskulturak topatuko dituzu, burdinazkoak. Denak batera hasiko dira inarrosten, eta euren deiari erantzutera sugetzar bat etorriko da hegan, izpiaren ordez bi igitai izango dituena, eta sugeak gainera igotzeko keinua egingo dizu. Hegan joango zarete ezezagunak egingo zaizkizun herrietatik, eta jende izutuaren atzetik hasiko zarete, eta sugearen igitaiez buruak moztuko dituzu. Kolpe bortitzak izango dira zureak, eta azkenerako buru moztuek mendi erraldoia osatuko dute. Buru horiei erreparatuta, ezagutzen ez dituzun begiekin batera, zure neba-arrebenak ikusiko dituzu, zure gurasoenak, zure adiskide minenak, eta begi haiek isuri ezin izango dituzten malkoak sentituko dituzu aurpegian behera, gaziak barik mingotsak. Eta malkoek, lurrera jausita, leizeak sortuko dituzte, leize ikaragarri sakon eta ilunak, eta haietako batek irentsiko zaitu, baina ez zara bakarrik egongo, moztutako buru haiek guztiak atzetik hasiko zaizkizu, eta leizea amaiezina egingo zaizu, eta buru moztuen mihiak igitai bihurtuko dira. Igitai horietako batek burua nola mozten dizun sentituko duzu, gero hanka bat galduko duzu, ondoren bestea, igitaien zorrotza igarriko duzu erraiak sakailatzen, eta dena galduta dagoela pentsatuko duzu, baina han urrun, leizearen amaieran, argi puntu ñimiño batzuk antzemango dituzu, handitzen joango direnak, eta puntu horiek azkenean zure ezizena osatzen dutela konturatuko zara, Dominique Amnesia, ate batean suaz bezala idatziak. Atea zabaldu egingo da, eta bestaldean begiak gorantz joango zaizkizu, etzanda zaudelako sentsazioa izango duzu, hain irreala, eta han goian argi itsugarri haiek min egingo dizute, ebakuntza gela batekoak bezalakoak.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: