Domina

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2024-03-02 11:56

Jenerala enperadorearen aurrean zegoen, domina jasotzeko gertu. Lurralde zabala okupatu berri zuen inperioarentzat mendebaldeko mugatik haruntz.

-Eta? Non daude gudako zauriak? -itaundu zion enperadoreak, ez baitzion ikusi soinean ezta urraturik txikiena ere.

-Enperadore jauna, ez zen gudarik izan. Etsaien armada aldendua zen, eta armen beharrik gabe hartu genuen lurraldea.

Orduan, domina kutxatxoan sartuta, zera erantzun zion enperadoreak:

-Gudarik gabeko konkistek ez dute dominarik merezi. Mendi garai baten tontorrera zalgurdian heltzea bezain ezdeusa da. Dominek zauriak eskatzen dituzte, eta mendi-tontorrek, izerdia.

Jeneralak, belauniko jarrita, apal erantzun zion.

-Enperadore jauna, arrazoi du berorrek. Ez dut merezi domina hori. Baina...

Astiro-astiro altxatu, eta honela jarraitu zuen:

-Baina hik ere ez duk merezi tronu hori. Aitaren semea haizelako zegok hire ipurdi nagia tronu horretan. Non zeudek hire zauriak? Non, hire izerdia?

Eta, ezpata eskuan hartuta, bihotzean sartu zion.

Gero, domina kutxatxotik aterata, paparrean jarri zuen, zauririk eta izerdirik gabe libratu baitzuen herria enperadorearen tiraniatik.

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: