Diktadorearen heriotza
Diktadorea hilzorian dago, bere jauregian. Ez dago bakarrik: emaztea du ohe ondoan. Gelaren isiltasunean, begiak itxita ari da errezatzen, senarraren arimaren alde. Baina senarrak ez dio entzuten, konorte barik dago ohean.
Une batean, emazteak begiak zabaldu eta ezinegona igarri dio aurpegian, bizitzan egindako bidegabekerien erruduntasunak eraginda akaso. Beharbada amesgaiztoren bat du, eta amesgaizto horretan jauregiaren kanpoaldean elkartu den jendetza entzun du. Bere aurka ari dira, eta oso haserre dirudite. Ohean, diktadorearen aurpegiak izua islatu du: jauregiko ateak apurtuta, oldean datoz eskaileran gora. Emazteari esan nahi dio logelako atea giltzaz ixteko, baina ezin du, ez du indarrik. Garrasika datoz, ez ote ditu emazteak entzuten? Indarrez zabaldu dute atea, eta, oheraino etorrita, arrastaka atera dute bertatik. Diktadoreak emaztea ikusi du ohe ondoko jarlekuan begiak itxita, loak hartua erregular. Ez ote du entzuten demonio aldra hark nola daraman eskaileran behera?
Kanpora atera direnean, diktadoreak urkamendia ikusi du plazaren erdian. Bertaraino eraman, biluztu eta buruz behera eskegi dute. Azaroa da, eta hotz egiten du. Ez diote burua estali: plaza betetzen duen jendaldearen isekak ikus ditzan nahi dute, antza. Ez hori bakarrik: batzuek makiladak eman dizkiote ipurdian, eta azpian daudenak txaloka hasi dira. Diktadorea izuturik dago: non dira poliziak, doilor bihozgabe haiek atxilotzeko?
Ez daki zenbat denbora eman duen horrela. Iluntzen hasia da, eta, iluntasunarekin batera, begiak lausotu eta herioaren hatsa sentitu du kokotean. Plazan bilduek ere sumatu dute diktadorea azken hatsa ematera doala, eta areagotu egin dira isekak: zaunka eta uluka hasi dira, eta harriak bota dizkiote. Azken momentuan, jauregi aldera begiratu du diktadoreak. Argia ikusi du bere gelan, eta emaztea leihoaren bestaldean, kanpora begira.
Harriturik dago emaztea: itzartu denean, ohea hutsik aurkitu du, eta uluak entzun ditu kanpoan. Leihotik begira, senarra ikusi du plazaren erdian eskegita, eta jendetza haren inguruan. Eta lastima sentitu du senarragatik, txakur baten antzera hil baita, bere azken amesgaiztoan preso.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: