Derrotaren bihotzerrea
—Antzokiko argiek tabakoaren kea behar dute distiratzeko— esan dit Arantzak, txiskeroaren lamari begira.
—Aitzakia poetikoak leku debekatuetan erretzeko— erantzun diot.
Amaitzear da Las Culebrasen kontzertua. Sartu garenean, Antzokia erdi hutsik topatu dugu, baina musikaren indarrak eta garagardoaren aparrak ikuspegia aldarazi didate: orain erdi beteta ikusten dut.
Neuk ere urratuko nuke legea, baina ezetz esan diot Arantzak eskaini didan tentazioari: hogeita bi egun pasatu dira erretzeari utzi diodanetik. Bitxia da: gripeak jota egon arren birikak nikotinaz pozoitzen tematu eta gero, tabakoari ezetz esan nion osatu eta berehala, pentsatu barik. Nork esan zuen gizakia adimentsua dela? Nik behintzat, gauza bat argi daukat: adimena eta adina ez doaz beti batera.
Azken abestian Sabin agertu da, zikloi baten moduan (eta San Miguel bat eskuan, jakina). Zinematik dator. Coronadoren azken filma kalifikatzeko, zera esan dit: “Almodovarren azkena baino hamar aldiz txarragoa, txo!”. Ez dakit film txarren eskalan hain behera joaterik dagoen…
Atsedenaldian sarrerara atera gara (sarrerara atera?). Arantza aurkeztu diot Sabini: Helicobacter pylori bakterioari urdail birjinal bat aurkeztea izan da (inuzentea!).
Sabin estratega doktoratua da: ikustekoa da nola hurbiltzen zaion, zein trebea den elkarrizketa interesatzen zaion esparrura eramaten. Urduritzen hasi naiz, solas-jolas horretan nire muturren aurrean nola katigatzen diren ikusita, zigarreten kearen artean babestuta. Ez dakit arriskuei aurre egiten: saltokira hurreratu naiz, disko eta kamisetei begira porrota disimulatzeko. Eta Las Culebraseko kideak agertu direnean, libidoa ames-joka hasi zait. Haien musika bezalaxe, boltaje handikoak begitandu zaizkit: haiekin ohean imajinatu dut neure burua, hanka luze haien artean endredatuta; planta horrekin, hiperaktiboak izango dira, seguru. Luxuriaren panpinak, beti prest pozoia inokulatzeko.
Kontzertuaren bigarren zatia etorri da gero: Sex Museum. Nire harridurarako, Sabin Durangoko koadrila zaharreko bi lagunekin elkartu eta Antzokitik joan da, garagardo-rallyari ekiteko. Arnasa hartu dut: urrundu da arriskua.
Gogotsu ibili dira Sex Museumekoak, baina aitortu behar dut nire begiak Marta eta haren organoarentzat izan direla. Kobra baten moduan zutuntzen izan da organoaren gainean: Hammond haren teklatua izango banintz, Martaren hatzen pasioa sentitzeko! Gustura hartuko nuke fisioterapeuta moduan…
Aspertu egin naiz. Inguruan denak saltoka, eta ni, aharrausika. Las Culebrasen freskuraren aldean, formula ahitua iruditu zait Sex Museum. Arantza, aldiz, pozarren, batez ere komunetik bueltan etorri denetik… Pare bat bider saiatu naiz hurreratzen, baina alferrik. Gero, esan dit. Eta ni pozik, geroaren esperantzan (inuzentea! + ergela!). Zoritxarrez, Arantzak ez du Axularren notiziarik. Gauzak geroko uzteak zer arrisku duen jakin beharko luke, baina kia! Argi dago Arantzak ez duela geroaren beldurrik: nahi duenean atzamarrekin kriskitin egin eta bertan izaten ditu nahi beste mutil, eskua miazkatzeko prest. Geroaren arriskua nire jabetza pribatua da. Zein ehiztari dago geroko txoriei beha, eskopetaren aurrean pieza ederra duenean? Nire moduko txotxoloak, bistan da.
Horrela joan da kontzertua: Arantza, estasian; ni, garagardoak garraiatzen (bost bidaia × bina garagardo = poltsikoak hutsik). Eta, bis eske gabiltzala, arriskuak belarri parean egin dit oihu (Es-te-ban! Es-te-ban!). Buelta egin, eta horra hor Sabin, Durangoko koadrilakoekin, irribarreen dimentsioa edandako litroen salatari.
Oraindik ez zaizkio erabat ahaztu gaztetako futbito-saioak: dribling egin eta Arantzaren ondoan paratu da. Hortxe hasi da mamitzen helicobacter pyloriren garaipena: Sabinen irribarreak Arantzaren titi-puntekin topo egitean.
Hortik aurrerakoa mingarriegia da xehetasunetan hasteko. Gauza bat aitortuko dut, hala ere: ez dago derrota ez onartzea baino derrota umiliagarriagorik. Orduan, derrotaren bihotzerreak gupidarik gabe egiten dizu haginka.
Bada, horixe egin dut nik: aitzakia bat asmatu sugandilen moduan desagertzeko. Ni, etxera; haiek, Azkenara, gauaren errapeetatik garagardo guztia edatera. Urrundik ikusita, Sabinen irribarreak itsasargia dirudi, eta, pizten den bakoitzeko, mezu hau bidaltzen dit: nirea da!, nirea da!, nirea da!...
Honezkero, Arantzaren urdailean ultzera ederra inauguratua du Sabinek. Sabin kabroi halakoak. Eta orain hemen nago, udako ordutegi dontsuak gauari jandako ordu edo desordu honetan neure burua madarikatzen. Aste Santuko kalbario hau areagotzeko, zartailua atera eta autoestimua zigortzen nabil. Ondo pentsatuta, nirea astoestimua da.
Eta hona hemen ondorio mingarria: Sabin eta biok ez gara hain desberdinak; ni pentsamenduetan geratzen naiz (ezinbestean), eta berak ekintza bihurtzen ditu. Koherentzian ere, bera garaile.
Zorionez, porrota ez da sekula erabatekoa izaten (beti lor daitezke marka hobeak…). Butakan jesarri, kaskoak jarri, eta Las Culebrasen disko berria jarri dut. Hor daude, CDaren azalean fresko-fresko, erreguka batutako sinadurak, haien hankak bezain luzeak (eta lizunak). Haiei begira, txiskeroa atera eta dagoeneko ezpain artean dudan zigarretari bizia eman diot. Akabo hogeita bi eguneko baraualdia!
(Inuzentea! + ergela! + subnormala!)
Kapez Kap
Iruzkinak
Utzi iruzkina: