Darrell Anderson
Darrell Anderson
izan nahi nuke, baina ez naiz. Galdu egin dut nire benetako izena, galdu
egin dut izana. Orain zenbaki hutsa naiz. Hutsa. Ez da erraza hau idaztea,
hurrengo lerrora bizirik iritsiko zaren ez dakizunean. Heriotza hementxe
bizi da, kale kantoi bakoitzean, ate bakoitzaren atzean, ume bakoitzaren
begiradan. Alde egin nahi nuke infernu honetatik, lasterka hasi eta
basamortu hau, eta munduko basamortu guztiak zeharkatu behin ere atzera
begiratu gabe. Eta hala ere, orduan ere, ez nintzateke salbu egongo.
Ez, dagoeneko ez dago salbaziorik. Oasiak espejismoak dira hemen. Hemengo
oasien espejismoen ur-putzuak sugeen habiak dira. Hemen, noizbait jauregi
ederren eta ipuin fantastikoen paradisua izan zen munduko bazter honetan,
gure bihotzak taupa egiteko beldurrez bizi dira. Ez, ez ditzatela gure
bihotzen taupadak entzun, ezpabere hilak gaude.
Tankean bizi
gara. Tankean kalerik kale, plazarik plaza, auzorik auzo. Baina inork
ez dezala pentsa seguru gaudenik. Hemen ez dago gurea baino toki babesgabeagorik.
Etsaiari oihu egitea da: “Hemen nago, egidazu eraso!” Tankeak hemen
barraskilo adarbakar dorpeak dira, hilkutxa apoarmatuak. Tankearen erraietan
bizi garenon izua ezagutuko balute gure etsaiek! Euren begietan ikusten
dugun izu berbera da geurea. Eta izu horrek, izu basati horrek, izu
horrexek eramaten gaitu gu, eramaten ditu gure etsaiak, izu berdintzaile
horrek garamatza gu eta haiek gorrotora, adimenaren antipodetako lurralde
suntsitzaile horretara. Izua, gorrotoaren pospoloa. Gorrotoa, ezjakinen
babeslekua.
Nire jaioterrira
bueltatu nahi nuke. Nire umezaro alai eta tristera. Gurean pobreak ginen.
Pobrezia erloju gelditua da, pobrezia lohia da, pobrezia urdail herdoildua
da. Pobreak ginen, min fisikoaren kontzeptutik haragoko pobreak. Guretzat
esperantza falta hura zen min handiena eragiten ziguna: etorkizun eza.
Gure etorkizun bakarra orain mortu hura zen. Ezerez handios hura, ihesa
ezinezko bihurtzen zigun horizonte berdin hura. Lautada amaigabean bizi
denak badaki zertaz ari naizen: ezerezaren sentsazioa, horma gabeko
kartzelaren sentsazioa, zeru hurbilegiak itoko zaituen sentsazioa. Kilometroak
eta kilometroak korritu arren, beti toki berean zaudelako sentsazio
estrainioa. Eta hala ere, nondik etortzen zitzaigun indar hura, alai
bizitzeko? Gure zorigaitz etsitu hartatik, akaso? Orain, tanke honen
errai honetatik, nire umezaroa lurralde onirikoa da. Eulien hegaldi
amaigabe haien burrunbada sentitu nahi nuke aurpegian, erloju geldituen
asperra.
Gizon haiek
herrira etorri zirenean, guretzat jai handia izan zen. Miseria elkor
hartatik aterako gintuztela esan ziguten. Gizondu egingo ginela. Mundua
ezagutuko genuela. Zer gehiago behar genuen? Pozarren geunden: ezerezaren
ezerezetatik ihes egin, eta munduko armada boteretsuenaren soldadu bihurtzera
gindoazen! Gaur balitz bezala gogoratzen dut herritik joan ginen eguna.
Hantxe zeuden gure senideak, geltokian guri begira, ekilore sail bat
bezala. Amen malkoak masailetan, aiten harrotasuna bularretan, neba-arreben
astrapala... Zein pozik geunden trenean, gure iraganari agur egiten,
oraindik hain umeak, hain xaloak, hain babesgabeak!
Hona ekarri
gintuzten, infernura. Edo hobeto esanda: hona ekarri genuen, infernua.
Guk, gezurraren zaintzaileak. Tankearen sabelean ematen dugu eguna.
Oraindik amaren sabelean bageunde! Horixe pentsatzen dut sarri, hemen
barruan: oraindik mundura jaio gabeko umekiak garela. Jaio gabe hiltzera
kondenatu gaituztela, pobreak izateagatik, ezereza izateagatik. Eta
beste pentsamendu bat gailentzen zait orduan: horrela bizitzea hilda
egotea baino latzagoa dela. Horrela bizitzea odola izotz-garretan erretzea
dela. Izuaren izotza, gorrotoaren garra.
Zerk bereizten
gaitu gugandik ihesi dabiltzan gizagaixoengandik? Eurak salbatzera ekarri
gintuzten gu, euren hiltzaileok, zertan bereizten gara eurengandik?
Ezertan ere ez. Beldur berak elikatzen gaitu, etsipen berak. Euren begietan
ikusten dudan ezintasun berbera ikusten dut ispiluan. Hain desberdin
egin nahi gaituzte, hain gauza bera gara! Euren bizimodua nire familiaren
bizimodu antzu bera da, hain ondo ezagutzen dudana... Bereizten gaituen
bakarra tankea da: gu tanke barruan gaude, eurak kanpoan. Tankea da
konkistatzaile eta konkistatuen arteko muga. Tankea, burdinazko infernu
karrankari hau. Infernuan bizi gara, infernua desarratzen dugu.
Zer egiten
dugu hemen? Miseriatik alde egin nahian, miseria handiago honetara heldu
gara. Gu, ezerezaren jabeak. Gu, engainuaren desengainatuak. Gu, bortxaren
bortxatuak. Gu, dominen dominatuak. Zer egiten dugu hemen? Zertan ari
gara, gu bezalakoen aurka, geure buruaren aurka? Beldurrak utziko bagintu,
tanketik jauzi egin, uniformea erantzi, eta gugandik ihesi doazenengana,
guri erasoka ari direnengana joango ginateke, izua eta gorrotoa besarkadatan
itotzera. Baina ezin dugu. Hona bidali gaituztenek ondotxo instruitu
gaituzte, ondotxo destruitu gaituzte, izuan eta gorrotoan. Ez, ez dago
mendekotasunarena baino uniforme estuagorik.
Darrellen indarra
bagenu! Uniforme estu hori eranzteko gauza izan den bakarrenetakoa izan
da Darrell Anderson, desertzioaren heroia, mendekotasun horri ostiko
egin diona. Nirekin zegoen, Lehen Dibisio Blindatuan. Neuk ikusi nuen,
bonba baten leherketak zauritu zuenean. Beste asko bezala. Hemen zauri
fisikoa ez baita ezer. Hemen hanka bat galtzea ez da ezer. Hemen beso
biak galtzea ez da ezer. Hemen hiltzea ez da ezer. Hemen ezeren truke
hiltzen gara, hiltzen dugu. Inozenteen arteko guduak dira hemengoak.
Eta bitartean, honen guztiaren errudunak, eufemismoen prestidigitadoreak,
gezurraren ingeniariak, horiek guztiak hemendik urrun daude, miseria
honetatik salbu. Darrellen indarra bagenu, bidegabekeria hau salatzeko...
Baina ez, goikoek badakite ahulak garela, koldarrak garela, baijaunakoen
tropa ergela garela. Eta hala ere, badakigu hemen salbabidea ez dagoela
tankeetan, ez bonbetan. Hemen salbabidea Darrell Anderson deitzen da.
Bitartean,
tankean bizi gara, heriotza banatzen, heriotzaren bila. Hain da handia
gure mina! Eta ororen gainetik, galdera batek eztanda egiten dit burmuinean,
insomnioa amesgaiztoz betetzen didana: hemendik bizirik irtenda ere,
gauza izango ote gara tanketik irteteko? Ez. Dagoeneko kondenatuta gaude:
guretzat memoria izango da uniforme estuena, zaurgarriena. Hemen erein
dugun heriotza biziko da gure memorian. Kondena astun hori. Kondena
ezabaezin hori. Memoriaren zauriak ez baitira inoiz ixten.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: