danborroste

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-01-22 22:39

Aski da! Gaurko albistegiaren hasierako berria zein izan behar, eta umeen danborrada! Hain gaizki dago mundua ala? Antza denez, notizia falta ikaragarria dugu. Lurrikarak behar ditugu, leherketak, tsunamiak, gerrak, estralurtarren inbasioak… Baina umeen danborrada ez, mesedez! Orain ulertzen dugu ETBren gainbehera!

Segurutik donostiarrak gurekin haserretuko dira, baina zer nahi duzue? Gezurretan hastea? Siglautonomia honetan bizi garenok kondenatuta gaude Bilbo-Gasteiz-Donostia Hirutasun Sainduaren biblia irenstera. Besteok aldiria ez, uzkiria gara! Eta zer pasatzen da? Haien jaiak baino ez daudela. Badirudi ondo pasatzeko bat ezin dela Errezilera joan, edo Mañarira, edo Leitzara. Abiadura Handiko Trena ez da baserri horietan gelditzen…

Urteko lehen parranda (beste asko bezala) saindu baten kontura egin dute Donostian. Eta zertan ematen dute egun osoa? Danborra jotzen, aizue! Eta albistegien pole positionean jartzen dute! Hori ez al da ba kutsadura akustikoa? Eta, ETBko bozgorailuei esker (txarrez), danbor horien erradioaktibitatea bazter guztietaraino heltzen da. Ederra kontua!

ETBren danbor hots monotonoak eragindako buruko minak gure ezberbategia aberasteko aukera eman digu behintzat. Hona hemen zaborra birziklatzeko gure proposamena, euskararen aberastasunerako:

DANBORRADA JO: gogaikarri aritu, laparda eman, alamena eman.

Atzo irakasleak sekulako danborrada jo zigun!

DANBORROLDE: gogaikarri baten erasoa, zeinak burua danbor baten antzera jartzen dizun.

DANBORROSTE: gogaikarri baten matrakak eragindako buruko mina.

Gogaikarri horrek kristoren danborrostea eragin dit!


Utzi iruzkina: