Crispulo Cabezas

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-03-31 11:18

Crispulo Cabezasek heriotzari ihes egin zion. Honela gertatu zen: Heriok, agenda hain betea duen ezizaki horrek, danba-danba jo zuen Crispuloren atean. Crispulo lo zegoen, eta desordu hartan nor ote zebilen ate-joka galdetu zion bere buruari, oraindik loaren lainoak uxatu ezinik. Atea zabaldu eta Herio ikusi zuen,  bere tunika beltz maiztuarekin, bere kodaina ugertu harekin, eta atea zarratzekoa egin zuen. Heriok pauso bat aurrera egin zuen.

— Alferrik ari haiz, hire ordua iritsi duk. Nirekin etorri behar duk.

Eta Herioren ahotsa trumoialakoa iruditu zitzaion Crispulori.  

— Eztarrirako grageatxoren bat nahi du berorrek, samazarratu horretarako?  

— Txantxarik ez nirekin! Alferrik ari haiz ni endredetan.

Crispulok denbora irabazi behar zuen.  

— Zer ordutan eraman behar nau berorrek?

Heriok agendari begiratu zion, sekula okertzen ez denaren segurantzaz.

— Ordu bietan.

Bere hagin horituetan irribarre makabroa marraztu zitzaion.  

— Erretzeari utzi beharko lioke. Hagin guztiak erdi ustelduta ditu berorren maiestateak.

— Esan diat niri adarrik ez jotzeko! Damutuko zaik, eramango haudan lekuan bai ustelduko haizela, betiko usteldu ere.

— Sentitzen dut, baina ni barik joan beharko du berorren katakonbetara. Gaur gauean ordua aldatzen da: ordu bietan hirurak dira.  

Orduan, konjuratuta balego legez, Crispuloren etxeko kuku erlojuak ordu biak  jo zituen. Heriok poltsikoetan eurorik ez.

— Pasatu zaio berorri ni eramateko ordua. Orain barka nazala, baina lotara bueltatu behar dut. Eta berorrek ere lo-kukuren bat egin beharko luke, betzulo horiek ez dute batere itxura onik.

Heriok buelta egin eta eskuhezur-hutsik alde egin zuen, Crispuloren kuku erlojuaren dangada biak tunikapean gordeta.  

Insomnioa zen bere amesgaizto bakarra.
 
 

Bernardo Kapanaga



Utzi iruzkina: