Claudio Verdemonte
Claudio Verdemonteri, ospitaleko urgentzietako itxarongelan odol-analisiaren emaitzak itxaroten ari zela, tunel bat egiteko apeta etorri zitzaion. Tunel luze-luzea, amaierarik izango ez zuena.
Bozgorailutik bere izena entzunda maletatxoa hartu zuen, eta jarleku hutsari etsipenez begiratu zion, egundo ikusiko ez duzun senide bati legez. Ideia bat etorri zitzaion burura: zein malgua zen denbora toki zarratu hartan. Urgentzietako itxarongeletako erlojuek margoak ziruditen, hain labanak, hain bigunak. Pasabide estuan zihoala, oraindik ez zekien han denbora astiroegi ala arinegi zebilen. Erabaki zuen aldi berean zebilela astiro eta arin, bere bihotzaren taupadak legetxe.
Urrutitik entzun zituen medikuaren hitzak, hizkuntza estrainioan edo esandakoak. Lasaitasun deserosoa sentitu zuen izara garbituegien artean sartukeran. “Ospitaletako usaina”, pentsatu zuen. Gauza gutxi zeuden ikara eragiten ziotenak, eta horietako bat ospitaleetako usaina zen: heriotzaren gernu usaina ekartzen zion gogora.
Loguraren olatuak begi barrenetan, sabaiko argia amata zedin desiratu zuen. “Afari on bat gurako nuke orain”, egin zuen bere kautan. Pentsamendu hori beste batek estali zuen, ikaragarria: heriotzako orduan egundo ez da sexuaren gainean pentsatzen.
Baina ordurako hain gogoko zuen tunelean aurrera zihoan, sekula amaituko ez zen tunel umel eta bero hartan, amaren sabelean bezain gozo.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: