Claudio Suarez

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-01-23 23:56

Claudio Suarez gautxoaren istorioa kontatu dit Manuelek, matea elkarrekin hartzen ari garela. Mendian egin dugu topo, goizean. Berak bikote frantses batekin egin du bidea, zaldiz. Gu oinez joan gara. Joan-etorria, hogeita hamazazpi kilometro. Hemen horrelakoa da dena: handia, neurrigabea.

Orain, afarirako bildotsa sutan erretzen ari dela, gustura gaude mahaian. Zera galdetu diot: ea Laguna Mancillara orduko etxaldeak zer izen duen. “El Puesto de la Oriental”, erantzun dit. Goizean handik pasatu garenean, haizeak animalia haserretua zirudien.

“Ez duzu abestia entzun?”, galdetu dit. “Zer abesti?”. Orduan hasi zait istorioa kontatzen.

Antza denez, sasoi baten inguru hau ez zen orain bezain deslaia. El Puesto de la Orientaletik aurrera, oraindik bazegoen beste etxalde bat: El Destacamiento Viejo. Bertan poliziak egoten ziren, Txile eta Argentina arteko muga hur zegoen eta. Orain ere muga horrek hor dirau, ez da mugitu, baina beste sasoi bat da. Dagoeneko ez dago poliziarik, eta hemengo bideek abandonatuagoak dirudite. Gu bezalako turistengatik ez balitz, hemen bakardadea erabatekoa izango litzateke. Eta, hala ere, erabatekoa da.

“Claudio Suarezen abestia, zer bestela”, esan dit. Ezetz esan diot buruaz, ez dudala abestirik entzun. Ez dit urtea esan, edo, esan badit, ez daukat gogoan. Kontua da Claudio Suarez El Puesto de la Oriental etxaldean bizi zela (bizi dela?).

Bizimodu gogorra gautxoena. Hemengo bakardadea astunegia da, eta bizimodua, gogorregia. Zeru erraldoi hau handiegia da lepo gainean izateko: esan daiteke lau edo bost atmosfera dituela bere baitan.

Claudio Suarezen bizimodua horrelakoa zen: egun guztiak egun bera ziren; urte guztiak, urte bera. Paisaia hura, hain ederra, hain amaigabea, kartzela zen, aldi berean. Eta ez dago kartzela ankerragorik horma bakoa baino.

Bai, Claudio Suarezen etxaldera emakume hura agertu zen arte, bizimodua erloju geldia zen han. Eguzkia bera zerutik jaitsita ere, Claudio Suarez ez zen hainbeste harrituko. Emakume hark, zalditik jaitsirik,  ea atseden hartu ahal zuen galdetu zion. Ea zerbait beroa emango zion. “Matea beti dago prest”, erantzun zion Claudioren mihi txundituak.

Eta emakume hura etxaldera sartu zen. Eta, sartzearekin batera, zeruko izar bat itzartu zen gela ilunean. Ez: bi izar ziren. Emakume haren begi berdeek ñir-ñir egiten zuten, orain amatatu, orain isiotu, eta Claudio Suarez, mahaiaren bestaldetik, izar haiei begira geratu zen, satelite hipnotizatu baten antzera.

Gero, matea edanda, emakume hark, abiatu aurretik, gizon abegikor hari zekien modurik ederrenean eskertu nahi izan zion. Eta abesten hasi zen, izarrak itxita.

Manuel altxatu eta zigarroen bila joan da. Bat eskaini dit. Ibilaldia gustatu zaidan galdetu dit. Baietz erantzun diot buruaz, gaurkoa deskribatzeko ez baitago berbarik. Munduan badira toki magikoak, eta Piedras Clavadas horietako bat da: sumendi baten barrualdea, iretargi bat Lurrean. Eta barruan, lakuak, eta harkaitz erraldoi haiek, lurrean itsatsita. Negar egin dut, edertasun hura guztia eztarrian gorde ezinik.

Claudio Suarezen begietan ere malkoak agertu ziren emakume hura kantuan hasi baino ez. Masailak erreka bihurtu zitzaizkion, emakume haren ahotsa entzunda. Eta bularrean sentimendu hura bultzaka igarri zuen. Sentimendu ezezagun hura. Hain sakona, hain mingarria.

Emakumeak, abestia amaituta, altxatu eta musu bat eman zion bekokian. Gero, atea zabaldu eta joan egin zen.

Piedras Clavadasen, sumendi hil hartako bihotzean, badira itsasoko ostrak, hormetan itsatsita, edo lurrean sakabanatuta. Ostrak, harri bihurturik. Ea ikusi ditudan galdetu dit Manuelek. Baietz esan diot, buruaz. Baietz, jarraitzeko istorioa kontatzen.

Bada, Claudio Suarezen bihotza ere horrela geratu zen, itsasotik ateratako ostra haiek bezalaxe, emakume hura desagertu zenean. Harrezkero ez da El Puesto de la Orientaletik irten. Atea trangatu eta leihoak oholez itsutu zituen.

Ea zergatik egin zuen hori galdetu diot. Manuelek eskuak mugitu ditu, harentzat hain nabarmena dena azaldu guran. “Zergatik izango da ba?”, galdetu dit, eta hura galdera barik ia-ia errieta izan da: “Emakumearen ahotsa etxalde barruan gordetzeko!”

Eta harrezkero han dago, hil ez bada. Inork ez daki hori, inor ez baita etxalde barruan sartu.

Zera galdetu diot, ea nola dakien istorioa. Claudiok berak kontatu ziola erantzun dit. Egunetan agertzen ez zenez, bisitan joan zitzaion, ezbeharren bat gertatu ote zitzaion beldurrez. Etxalde barrutik kontatu zion  dena Claudiok.

—Atea zabaltzen badut, emakumearen abestia joan egingo da, bera joan zen bezala.

Horixe esan zion. Eta joateko. Hil arte hantxe geratuko zela, emakumearen ahotsarekin batera.

Ederra iruditu zait istorioa. Gizon hura, etxalde barruan betiko, emakume haren kantuaren oihartzunak gordetzen. Egon daiteke altxor ederragorik munduan?

Horrexegatik galdetu dit Manuelek ea abestirik entzun dudan El Puesto de la Orientaletik pasatu garenean. Artean emakume haren ahotsa hantxe dagoelako, sekulako.

Ez dakit. Agian haizearen ziztua baino ez da izango, atepetik sartu eta han barruan abesti ederra dirudiena. Neuk ere horixe pentsatu nahi izan dut, ez dela haizea, ezpada emakume haren ahotsa, egunean-egunean ederragoa dena. Eta malkoak sentitu ditut begietan bultzaka, pentsatuta nor ote zen emakume hura, begietan bi izar berde zituena eta Claudio Suarezi eskerrak emateko han kantu eder hura betiko utzi zuena.

Eta pentsatu dut agian emakume hura zeu zarela, lerro hauek irakurrita niri begiratu didazuna.

Eta neuk ere begirada hori betiko gordeko dut, Claudio Suarezek abesti hura gorde zuen bezalaxe.

Bai, begirada hori gurea izango da, betiko.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: