Celeste Miranda
Celeste Miranda jaio zenean, udaberria hasi zen. Hilda jaio zen, udaberria. Bazirudien neguak Celeste jaio arte itxaron zuela zeruan pilatutako elur guztia botatzeko. Dena egun hartan, udaberriko lehenengoan. Zeru grisari begira, aititak hitz profetikoak ziruditenak esan zituen:
—Hegaberek ekarri dute Celeste. Badakizue zer esan nahi duen horrek? Beti urrunera begira biziko dela.
Arrainontziko arrainei esan zien, ogi apurrak botatzen zizkiela. Arrainek janariari erreparatu zioten, ez aititaren berbei. Inork ez zien bere berbei jaramon egiten. Horixe uste zuen berak: ahotik hara soinuak elur matazek lurra ukitzen dutenean bezalaxe desegiten zitzaizkiola. Edo agian ez zen hori. Arinegi hitz egiteagatik gertatzen zitzaion: elur matazak lurrera orduko desegiten zitzaizkion hitzak, eta inork ez zion deus ulertzen, aititari. Heriotzaren beldur zen, segurutik, eta esan behar zuen guztia esan beharrez, pauso bat orduko bestea egiten zuen. Bazirudien esaten zuen guztia bere bizitzako azken esaldia izango zela, halako gora handia ematen zion bere hitz-etorriari.
Celesteren esku ñimiño haiek ikusi zituenean, aititak ez hiltzeko erabakia hartu zuen. “Munduan ez dago ezer perfektuagorik”. Horixe esan zion ilobari, eskutxo haiei begira. Esku haiek hazten ikusi nahi zituen. Esku haiek emango zioten bizitzeko indarra; esku haiei helduz erakutsiko zion Celesteri ibiltzen. Beste erabaki bat ere hartu zuen: aurrerantzean garbi jango zuen. Akabo toxinak. Bere zientzia partikularrean zerbait argi bazuen, hauxe zen: heriotza digestio-aparatuan jaiotzen da.
II
Celeste Mirandaren eskuak aitita ezagutu gabe hazi ziren. Umezaroa esku ahurretan hartuta, etxe osteko estartatik gora zihoan egun sargoritsu batean, harri batekin estropezu egin eta lurrera jausi zen Celeste. Harriari begiratu zion, eta har bat ikusi zuen, harritik irteten. Eta harrak honelaxe hitz egin zion:
—Hiru antigurari emango dizkizut.
—Zer dira antigurariak?
—Sekula beteko ez diren gurariak.
Celestek segundo batean kabitzen den pentsamendua askatu zuen:
—Nor zaren jakin nahi dut.
—Hala izan ez dadila! –erantzun zion harrak.
Bigarren pentsamendua askatu zuen orduan Celestek.
—Printzesa izan nahi dut.
—Hala izan ez dadila! Dagoeneko bi antigurari alferrik galdu dituzu–erantzun harrak.
—Ez horixe. Printzesa izateko nahi txatxu hori ipuinetako neskatila inozoen kontua da. Nik beste zeozer nahi dut nire bizitzarako.
—Tira, esadazu hirugarren antiguraria!
Harrak urduri antza zuen. Bazirudien bere tripan gizaki txikitxo goseberak bizi zirela eta gizakitxo haiei jaten eman beharrak larritu egiten zuela.
Celestek hirugarren antiguraria esan orduko arnasa sakon hartu zuen, halako moduan non eguna apur bat gau egin zen.
—Egunero beti leku berean bizi nahi dut, munduko jendearen eta animalien hizkuntza guztiak ulertu gabe, munduko musika instrumentu guztiak jotzen jakin gabe, zoriontsua izan gabe, nik nahi ez dudan egunean hiltzen naizen arte.
—Hala izan ez dadila!
Eta harra, Celesteren eskuei muin eginda, harri barrura bueltatu zen.
III
Handik aurrera, zerupe desberdinek iratzarri zuten Celeste. Horrela joan zen bere bizitzaren soinekoa josten, zoriontasunaren jostorratzarekin, hegaberen arima zuen Celestek.
Balea baten barruan ere sartzen ez diren urte luzeak bizi izanda, egun batean nahikoa zela erabaki zuen. Denbora hartan guztian, misterio batek elikatu zuen bere bizinahia: ez, ez zuen inoiz jakin nor izan zen harritik jalgi zen har hura, bere eskuei halako moduan muin egin zien hura, digestio aparatuan gizaki txikiak zituen hura, elur matazen doinuaz hitz egin zion hura.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: