buruko mihin

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-26 23:54

Min fisikoan ez dago poesiarik, baina badira min poetikoak. Bitxia da: Google-n “mina literaturan” idazten baduzu, gaztelaniazko orriak bistaratzen dira: “literatura minera”. Hor hasten da poesia: mina meatzea da; mina grisu-gasaren eztanda da; mina lurpeko sentimendu magmatikoa da.

 

Min mota asko daude. Adibidez, Argentinako ipuin kontalari batek, ipuin baten aurkezpena egiten zebilela, argentinarren min ekonomikoaz hitz egin zigun. Euskaldunok min hitza hitz elkartuen bigarren osagai moduan erabiltzen dugu: maitemin, herrimin, bihozmin, haurmin, itsasmin, jakinmin, ikusmin, jainkomin… Eta, gainera, minak koloreak ditu. Mina gorria izan ohi da, baina bada min horia ere.

 

Bestalde, euskaraz, baditugu bi hitz oso antzekoak: min eta mihi(n). Mendebalde guztian mihin esaten dugu. Ez dakit zergatik debekatu behar diguten hitz hori. Hor dago mingain hitza, n eta guzti. Eta mintzatu aditza, ez ote da mihintzatu izango? Guk, behintzat, askoz poetikoagoa irizten diogu mihin berbari.

 

Mihinak min handia egin dezake. Mihin gaiztoak hagin zorrotzak baino kalte handiagoa egiten du. Horzkadak azalean egiten du kalte; mihinak odola pozoitzen du.

 

Baina gizakiok beste mihin bat dugu, aho barruko hezurgabeko horretaz gainera. Horixe da gure gaurko protagonista: buruko mihina. Berbarik gabekoa da haren mihintzoa. Eta, gehienetan, min izaten du. Mina, ikatzaren izpiritua baitu. Denok daukagu hor, buruan gordeta. Haren izena: kontzientzia.

 

BURUKO MIHIN: kontzientzia (modu poetikoan esanda).

 


Utzi iruzkina: