Bizi naizenean
Bizi naizenean
batzuetan
maitemindu egiten naiz
eta zein itsusia den berba hori,
nik ez dut-eta mina sentitzen
grina baino.
Bihotza
saskibaloi pilota baten antzera hasten zait:
punpa
punpa-punpa
punpa
punpa-punpa-punpa
punpa
pun-pun-pun-pun-punpa
eta badoa-badoa
trostan
trostan-trostan
zaldi zuri baten antzera
(esaterako, Aintzane ikusten dudanean).
Ez esan inori:
Aintzanek bihotzean txapligu koloretsuak ereiten dizkit
atetik sartzen ikusten dudanean
modu goxo horretan elkarri agur egiten diogunean
(agur, Laion!; agur, Paitxon!)
eta badakigu
mikrokosmos hori
gurea baino ez dela,
izan litekeen kosmos zoragarriaren
lagina besterik ez
eta horri
maitakizuna deitzen zaio.
Bizi naizenean
era berean
bihotza trostan hasten zait
Amaia ikusten dudanean.
Amaiari sabela bigarren aldiz puztu zaio
eta nik badut ilusio bat
ia-ia ilusio hipnotikoa dena:
neu naiz Amaiaren umeen aita
eta imajinatzen dut
elkarrekin hazten ditugula umeak
eta hezten
baina gure maitegrina
ez da sekula hozten
ez husten.
Nerabe herabe ginen
lehenengoz ikusi nuenean
elizpean.
Txokolatea zuen ogi artean esku artean
eta nire bihotza maitasun bihurtu zen
(urtu zen, urtu zen, urtu zen, urtu zen…)
txokolatea Amaiaren ahoan bezala.
Bizi naizenean
Onintzaren adats luzeetan
egiten dut ametsetan
eta goizero
Onintzaren ihintz onak
blaitzen nau
eta haren biolaren doinuak
blaitzen nau
eta haren irribarre xaloak
blaitzen nau
eta haren ihintzontasun infinituak
blaitzen nau
ni izaki blaikorra naiz-eta.
Bizi naizenean
Soraiaren hurbiltasun enigmatikoak
sismografoek irakurtzen ez dakizkiten ikarak
eragiten dizkit
(baina maitagrafoek bai).
Maitagrafoak
tarantelak dantzatzen hasten dira
Soraiak begiratzen didanean.
Soraiak modu horretan begiratzen
didanean
eguzkia ere urtuko litzateke.
Bizi naizenean
maitasun horiek guztiak
(eta gehiago)
punpaka ibiltzen zaizkit
nire bihotzaren zaldi zurian,
baina bada bat
saskibaloi-pilotaren punpa batez
izarretaraino eramaten nauena:
Lourdes.
Maitasun guztien maitasuna
bera da
nire zaldi zuriaren jabea
bera barik
ni zaldi zuri gabea.
Haren ondoan lo egiten dudanean
haren arnasa entzuten dudanean
haren ezpainak edaten ditudanean
PUNPA!
ortzadarrarekin sokasaltoan nik!
Eta badakit
munduan ezin dela musika gozoagorik izan
nire bihotzarena baino.
Bizi naizenean.
Lourdesekin bizi naizenean.
Bizi garen arte.
Josu Uruburu
Iruzkinak
Utzi iruzkina: