Bigarren exodoa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2014-06-04 18:44

Israelgo kolonoen okupazioarekin gogaiturik, Palestinako gobernuak adierazi du haiek ere eskubidea dutela lur berriak okupatzeko, eta, juduek Moisesen eskutik egin bezala, exodoa egitea erabaki du. Israeldarrek Itsaso Gorria zeharkatu zutela-eta, haiek ere hori egiteko gauza badirela erakutsi nahi diote munduari, baita urek utzitako lurretan herriak eraiki ere!

Israelgo gobernuak asmo horiek ilegalak direla adierazi du: exodoaren patentea judutarrena dela defendatu du, baita Itsaso Gorriko lurren jabetza ere, Moisesek deskubritu zituenez gero. Eta, badaezpada, berehala heldu dio bigarren exodoa antolatzeari. Astebete igaro orduko, prest daude juduak. Etxeko altzariak gurdietan pilatu, abereak batu, eta ilara luzeetan abiatu dira Itsaso Gorrirantz, herriak hutsik utzita.

Baina lasai daude. Mehatxu garbia egin diete palestinarrei: “Gure etxeetan sartzen bazarete, bueltan suntsitu egingo zaituztegu”. Eta mehatxua broma ez dela frogatzeko, hegazkinek palestinarren zenbait herri bonbardatu dituzte.

Egunez tankeek altxatutako hautsak eta gauez hegazkinen argiek gidaturik zeharkatu dute basamortua, eta, halako batean, heldu dira Itsaso Gorrira. Lehen Ministroak, behiala Moisesek egindako legez, aginte-makila altxatu eta ura ukitu du. Puntuan, urak erdibitu egin dira. Orduan, sekula irudikatu gabeko paradisua agertu da israeldarren begi handituen aurrean: egundo ez dute halako lur emankorrik ikusi. Galapan hasi dira, kolpeka eta bultzaka, lur-sailik onenaren bila, nahiz eta lur ugari dagoen: Israel osoa halako bi bai, behintzat. Baina lur-goseak itsutu egin du juduen adimena, eta puzka hasi dira, itsasoari are lur gehiago irabazteko.

Orduan gertatu da: urek, tsunamiaren indarraz, galdutako lurrak berreskuratu dituzte, israeldar guztiak irentsita. Albiste ikaragarria bizkor zabaldu da mundu osoan: galduak dira juduak!

Orain, Itsaso Gorriko urak inoiz baino gorriagoak dira, eta palestinarrak triste daude, etsairik gabe gelditu baitira.

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: