Bienvenido Ursua
Bienvenido Ursua etxetik lehenengoz irten zenean, kanposantura joateko izan zen. Edo hobeto esanda: Bienvenido Ursua etxetik lehenengoz atera zutenean, kanposantura eramateko izan zen. Laurogeita hamahiru urte ondo beteak zituen.
Prozesioan eraman zuten, bere traje onena jantzita. Aspaldi ikusi gabeko senideak ere etorri ziren, baita sekulamendikoak ere. Herriko jendea leihoetara irten zen, Bienvenido Ursua eta bere segizioari agur egitera. Ez zen falta izan negar egin zuenik ere. Denek maitatzen zuten Bienvenido Ursua, egundo ikusi ez duzun pertsona maitatu ohi den era horretan.
Eguzkiak ere erritual hartan parte hartu nahi izan zuen, aste luzeetan hodei moltsoen artean ostenduta egon eta gero. Bienvenido Ursuaren azal zurbilak lehenengoz ezagutu zuen eguzki errainuen berotasuna. Bere bisaiak distiratsua ematen zuen.
Kanposantuko ate erraldoi kirrinkariek errespetuz begiratu zieten gerturatzen ari zirenei. Barruan, nekosten lurrina eta harlauzen hotsa, besterik ez. Senideak Bienvenido Ursuaren betiko egoitza izango zen hilobira ailegatu ziren. Hantxe zeuden euren arbasoak ere, euren amets zimeletan kaiolaturik.
Orduan, isiltasun beldurgarri hartan, Bienvenido Ursuaren berbak entzun zituzten, harrezkero hilobiaren barrunbetik sortuak legez: “Ez zait kanposantua gustatu. Isilegia da, umelegia. Eraman nazazue berriro etxera!”.
Beste laurogeita hamahiru urte egiteko deliberamendua egina zuen ordurako.
Beste denbora batzuk ziren.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: