bertsiolari

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-09-22 13:51

Kargu politiko batzuen kontzientziak margo batean ikusi ahal izango bagenitu, Dorian Grayrenak mister mundo lehiaketa irabaziko luke. Hori gertatzen zaie polizien ardura dutenei behintzat. Azal lodia behar da gero! Ares jaunak Kukutze gaztetxearen hustuketaren bertsio ofiziala eman du: hasi orduko, bagenekien zein berba erabiliko zituen (uso proporcionado de la fuerza, profesionalidad...). Koplak! Hemen kokoteraino (beste gorputz-atal minberago batzuk ez aipatzearren...) gaude bertsio ofizialekin: poliziak estropezu egin zuen, pistola jausi zitzaion, lurrean errebotatu eta tiroa berez atera zen, eta (hara zelako nahigabea!) iheslariaren burmuinean kasualitatez sartu zen. Ohituegi gaude bertsio ofizialak entzuten. Buruz dakizkigu. Noizbait gertatuko da (hori ere kasualitatez) egia izatea, baina guk ez dugu sinetsiko, otsoa benetan agertu zenean artzain hari sinetsi ez zioten bezalaxe.

 Hara: Kukutzeren okupazio polizialaren ondorioz, hiru zauritu arin baino ez omen dira egon. Zoriontzeko moduko datua! Beltzainen profesionaltasunaren erakusgarri!

 Ez, jauna! Bertsio ofizial horiek poto egiten dute beti, eta zu, Ares jauna, potokume hutsa zara! Zeuk ere ez duzu sinisten eta!

 Zoazte pikutara zuek eta zeuen bertsio kirasdun horiek! Gezurraren profesionalak baino ez zarete!

 Hona zuentzat gure gaurko ezberba:

 BERTSIOLARI: bertsio ofizialak (hots, gezurrak) esatera dedikatzen den politikaria (hots, pinotxo profesionala).

 

 


Utzi iruzkina: