Beheko solairura igotzen ziren eskailerak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-12-27 12:45

Gorasarri jauna Artazugoikoko eraikin hartan sartu eta lehen solairura abiatu zen, enpresaren bulego nagusira, soldata-igoera eskatzera.

Beheko solairutik lehenengora 17 maila zenbatu zituen. Gutxi ziren, etxeko 64 mailen aldean. Eskailera-buruan, ate bat. Ate hura zabaldu, eta…

—Ez da posible! Beheko solairua berriro?

Gorasarri jaunak harrituta begiratu zion karteltxoari: BEHEKO SOLAIRUA jartzen zuen! Nondik nora zihoazen, bada, 17 maila haiek?

Atzean zuen atea zabaldu zuen, maila haien bila. Baina atearen bestaldean hall handia ikusi zuen. Eskailerarik ez!

Gorasarri jaunak ez zuen etsi: soldata-igoera hura behar-beharrezkoa zuen. Beraz, bigarrenez ahalegindu zen. Mailak binaka igo zituen, “hemen nago ni!” esanez bezala.

Aurrekoan bezala, eskailera-buruko atea itxita aurkitu zuen. Badaezpada, barrura sartu orduko, atzerantz begiratu zuen: bai, hantxe zeuden eskailerak.

Atea zeharkatu, eta…

—Baina, baina… Zer arraio da hau?! Beheko solairua berriro?!

Atzeko atea zabaldu zuen: eskailerarik ez. Haien lekuan, hantxe zegoen hall handia. Sarrerako atearen ondoan atezainaren mahaia ikusi zuen. Egunkari bat ikusi zuen, zabalik, eta haren atzealdean atezaina imajinatu zuen. Txikitan lanbide hura zuen gogoko: atezaina izatea, egunkaria irakurtzeko eta jendearen atzera-aurrerekin dibertitzeko.

Baina Gorasarri jauna ez zegoen momentu hartan txantxetarako: soldata-igoera hura gauza serioa zen gero! Beste saiakera bat merezi zuen, bai horixe!

Hirugarrenez igo zituen eskailerak, lasterka, “ez didazue adarra joko, ezta pentsatu ere!”, esanez bezala. Eskailera-burura ailegatuta, estrategia aldatzea pentsatu zuen: atea zabaldu eta trabes jarriko zen. Horrela, atea zabalik dagoela, ezkerreko begiaz atzera begiratuko zuen, mailak han daudela egiaztatzeko, eta eskumakoaz barrurantz, hura lehen solairua zela frogatzeko.

—Baina atea zabaldu zuenean… hiru metro aurrerago beste ate itxi bat aurkitu zuen!

—Zer arraio da hau??!! Nork jarri du beste ate hori hor??!!

Bigarren atea zabaldu, eta… beheko solairuan zegoen atzera ere!

Amorraturik, sarrerako mahaira joan zen. Atezaina lo zegoen, egunkariaren atzean ezkutatuta. Atezaina zela ari zen ametsetan, eta penalti guztiak gelditzen zituela.

—Erreklamazioa aurkeztera nator! —esan zuen Gorasarri jaunak, haserre.

Atezaina, penaltia geldituta, ametsetatik bueltatu zen, egunkaria mahai gainean utzita.

—Jauna: erreklamazioak egiteko lehen solairura joan behar duzu.

Eta, egunkaria ostera ere altxaturik, beste penalti hura gelditzeko maneatu zen.

Kalera irtenda, Gorasarri jaunak goragalea sentitu zuen. “Beharbada ez nuen soldata-igoera hori merezi”, pentsatu zuen, etsiturik.

Eraikinari begiratu zion: hantxe zegoen lehen solairua, irribarreka.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: