Basamortuaren epizentroa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-02-26 19:41

Gure umezaroan

udak basamortu luzeak ziren

oasirik gabeko lautada monotonoak.

Basamortu asko zeharkatu genituen

elizpetik mugitu gabe.

Bigarren jarlekuan egoten ginen

hantxe zegoen basamortuaren epizentroa

eta seguru nago oraindik gogoratzen dela

gure ipurdi aspertuekin

lurrera botatzen genituen pipita-azalekin

gure hipopotamo-aharrausiekin.

Artean,

turismo hitza atzerritarra zen

eta pobreziak txikle bihurtzen zuen denbora

zapore gabeko txikle gogaikarria gure ahoetan.

Gure herrian

hibernazioa udan izaten zen

dendak eta tabernak

pertsiana itxiak ziren

bakeroen filmetako kaleak ziren gureak

hautsez eta desolazioz populatuak.

 

Turismo hitza gure poltsikoetara heldu zenean

umezaroaren pertsiana aspaldi jaitsia genuen.

Bigarren jarlekuan abandonatu genituen

asperdurak eta txikle mastekatuegiak

eta munduaren konkistan abiatu ginen

turista jantzita munduko bazter guztietara

mundu zatiak gure argazki-makinekin ehizatzera

edo batek daki zertara.

Uda asko eman ditugu horrela

gure argazki-albumak

iraganaren momiaz betetzen.

 

Eta, bitartean, dena aldatu da.

Orain, gurean daukagu

 munduan bilatzen genuen exotismoa,

baina inbasioa deitzen diogu.

Orain, elizpetik arinago pasatzen gara.

Orain, errumaniarrak daude

gure umezaroko jarlekuan,

haiek,

haien tetrabrikak,

haien ahots mozkortuak.

Higuinez eta beldurrez begiratzen diegu

susmagarriak alferrak lapurrak

ikusten dituzte gure begien dioptriek

baimen barik etorri direla diogu elkarri

diruaren baimenaz haien herrietara joan ginenok

gure argazki-makinen atzean ezkutatuta.

 

Atzo berriro pasatu nintzen elizpetik

eta zera galdetu nion bigarren jarlekuari:

zer ote da arrotzagoa

errumaniar horien presentzia

ala gure umezaro urruna?

 

Ron Sniakin


Utzi iruzkina: