Bartolo Txorongo
Bartolo Txorongo hamar egunez egon zen hilda, amak aginduta, eta handik aurrera beste izen bat hartzea pentsatu zuen: Peru Zopa.
Beraren tripontzikeriak eragin zuen guztia. Bai, Bartolo Txorongo jateko bizi zen: horixe zen kontua, berba gutxitan esanda. Galdetu bestela matematikako irakasleari, ea zer dioen (Kornelio deitzen zen, baina ikasle guztiek Kornetio deitzen zioten, ahotsa horrelakoa zuen eta; bazirudien ahateak erakartzeko turuta bat zeukala eztarrian sartuta, biri-biri, biri-biri...). Bartolo Txorongo adi egon zedin, ariketak honela diktatu behar zituen: “Mutiko batek platerean sei lukainka baditu, eta lukainka bakoitza zortzi puskatan zatitzen badu, zenbat zati izango ditu platerean?” Bai, orduan Bartolo Txorongo erne egoten zen, baina beti erantzuten zuen xelebrekeriaren batekin: “Aizu, maisu! Eta zergatik egin behar ditu hainbeste zati? Nik lukainkak osorik jaten ditut!”
Bartolo Txorongoren amak armairu guztiak giltzapean zituen, badaezpada ere. Osterantzean, akabo gaileta kutxa guztiak! Eta hozkailuan ere kate astun bat jarrita zuen, inork ez zabaltzeko. Baina Bartolo Txorongo beti trikimainetarako prest! Goseak sena zorrozten du, bai horixe!, eta beti asmatzen zuen zer edo zer. Armairuaren azpialdean, esaterako, zulo bat zuen eginda, handik gaileten kutxa hartzeko. Eta ama ez konturatzeko, kutxaren azpitik hartzen zituen gailetak. Azeri galanta, gero!
Hainbeste janda, potolo-potolo zegoen. Eskolako mutil nagusiek adarra jotzen zioten: “Aizu, Buzkantza, egin dantza! Katxalote, babapote! Gantzontzi, kakontzi!” Eta beti horrela. Baina Bartolo Txorongori bost axola. Berak tripako zorriak pozik zituen bitartean, hor konpon beste guztiak!
Eta gainera, zein harro zegoen bere kakamokordoekin! Behin txapelketa bat egin zuten eskolaren osteko pinudian, ea nork egiten zuen gorotzik handiena. Han ziren bere gelako mutiko guztiak (neskei ez zieten ezer esan), denak batera kakaginen. Bartolo Txorongo tripa bete-bete eginda joan zen, eta halakoa egin zuen mokordoa, denen artean luzeena eta potoloena. Hain zen handia, ez zen txolopotean sartzen. Azkenean, pizza kutxa bat topatu eta bertan jarri zuten, denei erakusteko. Eta txapelaren ordez, egunkari baten orriarekin eginiko kapela jarri zioten buruan, eta bertan hauxe idatzi zuten: “Bartolo Txorongo, kakamokordoen errege”.
Egun batean amak errieta egin zion, komunetik ateratzen ez zela eta.
—Bartolo, irten hortik atoan!
Baina Bartolo Txorongok jaramonik ez.
—Esan dizut hortik irteteko, bestela zapatila aterako dut!
Baina Bartolo Txorongo hantxe geldi, isil-isilik.
Azkenean, amak atea zabaltzea lortu zuen, eta hara zer ikusi zuen: lurra urez beteta, eta komunean, zulotik sartu ezinean, sugea bezalako kakamokordoa.
—Nahikoa da, jainkoarrren! –esan zion, haserre– Hemendik aurrera, erregimena egingo duzu. Gaur, afaltzeko, zopa eta jogurta, besterik ez.
Hura zen hura! Akabo Bartolo Txorongok hain gogoko zituen odoloste, txistor eta lukainkak! Akabo taloak eta morokilak! Akabo bizkotxoak eta tostadak!
Ikustekoa zen Bartolo Txorongoren haserrea afalorduan! Hantxe zegoen, plateraren aurrean, kilometro t’erdiko muturrekin. Ezer gorroto bazuen, zopa zen. Zelan asetuko zituen tripazorriak ur zikin harekin? Hantxe hasi zen, amorruaren amorruaz, koilara hartu eta zopa eragiten, klin-klin, klin-klin, gero eta arinago, gero eta arinago. Zopa zorabiatu guran ote zebilen? Eragin eta eragin, azkenean halako zurrunbiloa sortu zen platerean.
—Ai, ama! –esan zuen, ikaraturik.
Eta bazuen beldurtuta egoteko arrazoirik: platereko zopa altxatu egin zen, zeruko tornadoen antzera, eta txurrust!, hurrupatu egin zuen. Amaren sinistu ezina!, semea platerean desagertzen ikusi zuenean...
Nora joan ote zen Bartolo Txorongo? Zein zen leku arraro hura? Bai, sekula ez zuen halakorik ikusi: lautada amaigabe baten erdian zegoen, geldirik. Eta, hala ere, paisaia aldatu egiten zen, oso arin gainera: bera aurrera ibili beharrean, paisaia zen beragana zetorrena! Lehenengo arbola batzuk hurbildu zitzaizkion, eta hara!: adarretatik zintzilik, buzkantzak ikusi zituen, buzkantz mordoa. Saltoka hasi zen, buzkantzondo hartako fruituak harrapatzeko, baina ezin ailegatu.
Hura ernegaldia! Arbolak urruntzen ikusi zituen, eta orduan beste paisaia bat agertu zitzaion: arrautza erraldoi batzuk, etxeak bezain handiak. Eta ateak zituztenez, euretariko batean sartu zen, beraren parera heldu zenean. Arrautzak elkarri itsatsita zeudela baliatuta, batetik bestera ibili zen, begiak zabal-zabal eginda. Arrautza bakoitzean erraldoi bat ikusi zuen, lo. Eta triparen gainean jakiak zituzten, den-denak txokolatezkoak: txokolatezko indabak, eta tortillak, eta oilaskoak, eta urdaiazpikoak, eta meloiak, eta...
Orduan, kontu handiz, Bartolo Txorongok erraldoi haietako baten tripatik txokolatezko kroketa bat hartu zuen, eta ahora bidean zeramala...
—Futxo! Zein mukitsu ausartu da nire tripatik zeozer hartzen!
Erraldoia zuen bere aurrean, mendia bezain handia. Eta halako orroak bota zituen Bartolo Txorongo ikusi zuenean, beste erraldoi guztiak ere iratzarri zituen. Denak hasi ziren bere atzean, “etorri hona, katumadaria!”, esaten ziotela. Bartolo Txorongo kaka eginda zegoen, erraldoi haiek guztiak segika, eta ia-ia harrapatu behar zutenean, txirrista bat ikusi zuen. Pentsatu barik, txirrista hartatik behera joan zen, eta zenbat txiribuelta egin zituen! Zorabiatuta heldu zen amaierara, baina, zorionez, erraldoiak han goian geratu ziren, handiegiak baitziren txirrista hartatik jaisteko.
Harkaitz handi bat ikusi zuen han behean, eta, harkaitzean zizelkatuta, etxe bat marmolezkoa, iretargia baino distiratsuagoa.
Dan, dan, dan, jo zuen atea.
—Kaixo, mutiko! Ongi etorri nire etxera.
Horrela berba egin ziona gizon txiki bat zen, gizen samarra eta onkote itxura zuena.
Etxe barrua oso ederra zen. Altzariak eskuz landutakoak ziren, eta bai gauza bitxia: ez zuten ertzik. Besaulki eroso banatan jarri eta berbetan hasi ziren. Bartolo Txorongok dena kontatu zion, nola jausi zen zopa platerean, nola ihes egin zien erraldoiei eta, batez ere, zelako gosea zuen.
Orduan, gizonak bere burua aurkeztu zuen.
—Ni Mengolo naiz, eta nire zaletasuna gauza bitxiak asmatzea da. Ikusi nahi dituzu batzuk?
Bartolo Txorongok baietz erantzun zion. Besaulkietatik altxatu eta Mengoloren asmakizunen gelara joan ziren. Oso handia zen, eta armairuz beteta zegoen. Erdian mahai luze bat zegoen, hura ere trastez gainezka.
—Begira hau! –esan zion, traste haietariko bat hartuta.
Entzungailuak ziren.
—Ohera joaten zarenean belarrietan jartzen badituzu, zuk nahi duzun ametsa izango duzu.
—Eta hau? –galdetu zion Bartolo Txorongok, mahai gaineko tramankulu bat seinalatuz.
—Hori zarata desatseginen ezabagailua da. Pentsatu etxean zaudela, gustuko liburu bat irakurtzen (Stevensonek Frantziako Ceveness aldean Modestine astoarekin egin zuen bidaia kontatzen duena, esaterako) eta kanpoan txakur bat intzirika dabilela, gelditu barik. Aukera bi izango zenituzke: edo eskopeta bat hartu eta txakurra hil, edo, bestela, tresnatxo hau isiotu. Hori eginez gero, txakurraren intziriak ezabatu egingo lirateke. Beste modu baten esanda: soinuen borragoma da orain eskuan duzuna.
Mengolok makina bat asmakizun erakutsi zion: basapiztiak harrapatzeko balio duen usaingailua (esaterako, ogigaztaiak harrapatzeko usaina askatuta, usain hori erakarrita etortzen dira inguruko ogigaztai guztiak, saguak Hamelingo txirulariaren musikaren atzetik joaten ziren bezalaxe), txorrotxioen itzultzailea (basoan zoazela txorien abestiak ulertzeko balio duen tramankulua), sentimenduen erlojua (zer ordutan haserretuko zaren jakiteko, kasurako), umeen negarren irakurgailua (amek umeak zergatik ari diren negarrez jakiteko), ahazteko pilulak (zerbait txarra gertatu bazaizu, edo pentsamendu txar bat bueltaka baduzu, pilula hartu eta kito!), jaiegungilea (egun batean eskolara edo lanera joateko gogorik ez baduzu, lanegunak jaiegun bihurtzen ditu), eta askoz ere asmakizun zoragarri gehiago...
—Eta alboko gela honetan sorpresa bat daukat zuretzat.
Atea zabaldu eta gela txiki batera eraman zuen Mengolok. Bertan, erdi ilunetan, zerbait mugitu zela iruditu zitzaion Bartolo Txorongori.
—Erleski, geldi hor! Mutiko hau gure laguna da!
Gelako argia isiotuta, Bartolo Txorongok izaki txiki bat ikusi zuen, erdi gizakia, erdi tximinoa. Aurpegia eta besoak tximinoenak bezalakoak zituen; gorputza eta hankak, berriz, nano batenak. Apenas egiten zuen berba, eta ia beti berba bakarra esaten zuen, ahoa zabaltzen zuen bakoitzean. Oso ahots berezia zuen, errobotena bezalakoa.
—Erleskiren laguntzarekin zeure etxera bueltatu ahal izango zara.
—Eta zelan? Erraldoiak nire zain egongo dira...
—Zu lasai! Zugana datozenean, esaiozu hau Erleskiri (belarrira esan zion, Erleskik ez entzuteko): “Zizta, tximista!”
Horretan geratu ziren.
Eta elkarri agur esateko ordua iritsi zen. Bartolo Txorongok penaz besarkatu zuen Mengolo.
—Ixo, ez negarrik egin! Eta tori opari hau: ispilua da, baina oso berezia. Alde bietatik begiratu ahal da, baina alde bakoitzean desberdin ikusiko duzu zeure burua. Gorde egizu, baina gauza bat agindu behar didazu.
—Zer, Mengolo?
—Ez duzula ispiluan begiratuko momentua ailegatu arte.
—Eta zelan jakingo dut noiz izango den momentu hori?
—Jakingo duzu, bai. Ez arduratu.
Mengolo berriro besarkatu eta txirristan gora abiatu zen, Erleski atzean zuela. Gora heldu zenean, isil-isilik joan zen, erraldoien beldur zen eta. Hala ere, ez zuen bat ere ikusi. Arrautzarik arrautza joan zen, eta, azkenengoan zegoela, plater bat ikusi zuen, erraldoia etzanda egon zen tokian. Eta platerean zer ikusi, eta txuleta handi bat, egin berria, eta hura ere txokolatezkoa!
Alde guztietara begiratu zuen Bartolo Txorongok, baina ez zuen inor ikusi. Oso arraroa iruditu zitzaion: non ote zeuden erraldoiak? Laster ahaztu zituen arrisku guztiak baina. Txuleta hura jan behar zuen. Goseak tragatuta zegoen. Bertara joan, txuleta eskuen artean hartu eta...
—Ai, ama! Zer da hau?
Sabaitik sare bat jausi zitzaion gainera. Askatzen saiatu zen, baina zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta nahaspila handiagoa. Amaraunean jausitako eulien antzera geratu zen, bola bat eginda.
Karkara batzuk entzun zituen orduan. Erraldoiak ziren! Bere inguruan zeuden, barre zantzoka.
—Hau bai mutiko pepeloa! Gure tranpan jausi zara, kokolomendi halakoa! Orain lapikoan beratzen jarriko zaitugu, eta bihar sisti-sausta jango zaitugu!
Orduan Erleskirekin gogoratu zen Bartolo Txorongo. Non arraio ote zegoen? Mengolok esandako berbak oihukatu zituen, behin eta berriro: “Zizta, tximista! Zizta, tximista! Zizta, tximista!...”
Eta hara zer jazo zen: berba horiek esaten zituen bakoitzean, Erleskik eztul egiten zuen, eta eztularekin batera erle bat jaurtitzen zuen, tximistaren abiaduraz: frifri, frifri, frifri... zihoazen erleak, balak bezala, eta erraldoiak hilda geratu ziren, bata bestearen atzean.
—Irabazi egin dugu! –oihukatu zuen Bartolo Txorongok, pozez zoratzen.
Erleskiren hagin zorrotzek kra-kra mila zatitan puskatu zuten sarea, eta orduan bai pozik Bartolo Txorongo! Azkenean lasai-lasai hustu ahal izango zituen erraldoien armairu janariz beteak! Antza, tripak ere pozik zeuden, korroka-korroka igarri zituen eta.
Zer ez zuen jan! Armairu guztiak hutsitu arte ez zen geratu. Han ibili zen, mauka eta mauka, eta hainbeste jan zuen, non azken arrautzaren atetik ezin izan zen irten. Potolo-potolo zegoen, eta handik alde egin ahal izateko arrautza bera jan behar izan zuen, hura ere txokolatezkoa zen eta.
Berriro zegoen hasierako lautada amaigabean, baina ezin zen lurrean mantendu. Globo baten antzera puztuta zegoenez, gorantz hasi zen, gorantz, gorantz... Eta halako batean, klan!, zerbait jo zuen buruaz. Burua altxatu eta hara!: han goian, justu bere gainean, platera ikusi zuen, bere platera, eta etxeko suetea, eta ama eta aita, afaltzen. Eta astiro-astiro gorantz jarraitu zuen, plateraren gainean jesarrita gelditu arte.
—Aaaaaah! –oihu egin zuen amak, ez baitzuen semea ezagutu (munstro bat zela pentsatu zuen, Godzilla edo horrelakoren bat).
Eta sardexka hartuta, zizt eta sast sartu zion munstro hari tripatzarrean.
—Ama, neu naiz! –esan zion Bartolo Txorongok, larrituta.
Baina berandu zen. Betekadaren ondorioz bera ere txokolatezkoa bihurtu zenez, amak sardexkaz sastatu zuenean, lehertu egin zen. Orduan bai hasi gurasoak orro baten! Zer gertatu zen? Bartolo Txorongo hormetan, sabaian, lurrean… denean geratu zen zipriztinduta. Suete guztia txokolatez zikinduta! Hango astrapalada! Amak, negar baten, lanbasaz garbitu zuen guztia.
—Ai, seme, barkaidazu! Neuk hartuko ditut zure zati guztiak!
Haiek ziren, haiek, negarrak eta aieneak, ama harenak! Bere semearen txokolate hondar guztiak lanbasontzian bildu zituenean, oraindino negarrez, hauxe esan zion:
—Bihotza! Orain hamar egunetan hilda egon beharko duzu, hozkailuan sartuta.
Eta halaxe izan zen: Bartolo Txorongo hamar egunez egon zen hozkailuan, molde batean jarrita. Eta hamargarren egunean…
—Ama! Atera nazazu hemendik! Izoztuta nago!
Eta atea zabaldu zuenean, zelako ezustea! Hura ote zen bere semetxoa? Baina, baina… argal-argal zegoen eta! Erratzaren makila legetxe!
—Zer pasatu zaizu baina? Zeu zara, benetan?
—Bai, ama. Zer ba?
—Argal-argal zaude eta!
—Bai?
Eta orduan zera etorri zitzaion akordura, Mengolok emandako ispilua. Hantxe zeukan, poltsikoan. Alde batean begiratu, eta Bartolo Txorongo ikusi zuen; beste aldean, eta… nor ote zen mutiko makal hura?
—Ama, ispilu honen alde batean potolo nago, betiko moduan, baina beste aldeko mengel hori, nor da?
—Ba, nire seme berria, kontu egizu!
—Izen berria jarri beharko didazu…
—Badakit! Zure aitaren moduan, Peru izango zara. Eta zure aldaketa zopari esker gertatu denez, ba hara: Peru Zopa izango zara!
Eta handik aurrera izen hori erabiliko zuela erabaki zuten.
Asko aldatu zitzaion bizimodua: eskolan ez zioten burlarik egiten, eta neskak bere atzetik ibiltzen ziren, hain guapoa iruditzen zitzaien, hain erakargarria, hain ummmm… Eta hala ere, bere bihotzean Bartolo Txorongoren izpiritua gordetzen zuen, eta penaz gogoratzen bere aurreko bizimodua, batez ere amak afaltzeko zopa jartzen zuen guztietan. Platerera begiratzen zuen, zoparen bestaldean zer ote zegoen asmatu nahian, bazekien-eta han zeudela erraldoiak, eta, txirristaren amaieran, Mengoloren etxe distiratsua.
Egun batean, plateraren aurrean zegoela, Erleski ikusi zuela begitandu zitzaion, zoparen bestaldean. Gorantz begira zegoen, beraren zain balego bezala. Eta Peru Zopa koilara eragiten hasi zen, gero eta arinago, gero eta arinago. Baina ez zen konturatu aldrebes ari zela, erlojuaren orratzen bestaldera. Eta horren ondorioz, zirimola bat altxatu zen plateraren erditik, eta trumoiaren antzeko dunbotsa ere entzun zuen. Zirimola hark hurrup! Peru Zopa osorik xurgatu zuen.
Ez zen lautada amaigabean agertu, lur azpiko kobazulo batean baino.
—Nor zara zu? –galdetu zioten mutiko batzuek, bere ingurura etorri zirenak.
—Ispiluaren alde honetan begiratzen dudanean, Bartolo Txorongo naiz, eta, ikusten duzuenez, potoloa; beste alde honetan, berriz, Peru Zopa naiz, mutiko argala.
Ongietorria eman zioten, eta afaltzera gonbidatu zuten. Zein gozo zegoen dena! Aurrekoan zer pasatu zitzaion gogoratuta, harri astun batzuk sartu zituen poltsikoetan, globoak bezala gorantz ez joateko. Izan ere, hain gustura zegoen toki hartan, lagun berri haiekin!
Afalondoan, kobazulora heldu aurretik bizi izan zituen abentura guztiak kontatu zizkien besteei. Arretaz entzun zioten, baina azkenerako Maria Bekainekoa etorri zitzaien, denak zeuden begiak zabalik eduki ezinda, loguraren loguraz, eta bakoitza bere ohera joan zen, oraindino bizitzeko zituzten abentura guztiak gogoan.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: