Azkarrik azkarrena
Baserri bateko armarrian letra greko batzuk ikusiko bazenituzte ez al zinatekete harrituko? Ba gehiago baserriko jabeari Harkaitz azkarrari buruzko kondaira entzun izan bazenioten. Eta are gehiago bost urte ikertzen ibili ondoren deskubritu nuena kontatzen dizuedanean. Baserriko jabearen esanetan, antzina, gure historiaurrean, azkarrak euskaldunak ehizarako erabiltzen zituzten morroi bizkorrei zeritzeten. Ehiztariaren ondoan jartzen ziren eta honek geziak jaurti bezain laster ziztu bizian abiatzen ziren balizko ehiza sasi artean gal ez zedin. Eta jakina, Harkaitz azkarrik azkarrena izateaz aparte 100 metroko luzeran ez zuen parerik, Numantzian, Iberiako jokoetan demostratu zuen bezala. Baina Harkaitzek loria handiagoak zituen begira, Feniziako merkatari batek eraman baitzuen itsasoaren harandian, Olinpian izaten ziren entzute handiko jokoetara. Afrika, Asia eta Erromako inperiotik etorritako korrikalariak biltzen ziren han. Harkaitz horrenbeste korrikalari onen artean lotsatuta sentitzen zen eta eskerrak lotsari ere zatiarekin irabazi zuen lasterketa, ze epaileak arropak eranzteko agindua eman zuenean eta Harkaitzek biluzik korritu behar zuela ikustean tximistaren abiadan bete zituen ehun metroak. Eta Grezian Jainko egin bazuten Euskal Herrira eskutsik heldu zen, beno, besapean mendez mende hor eskegita iraun duen armarri antzeko hori ekarri zuen. Baina harrigarriena, eta niri bost urteko lana eman didana, inskripzioa izan da. Inskripzioak zenbaki greko bati dagokio, 1008a. Harkaitzek hareazko erloju mazedoniar baten lehenengo mila eta zortzi hondar aleak behar izan zituen ehun metroak burutzeko, bederatzi segundu eta berrogeita hamar ehuneko, gaur egungo munduko errekorra baino hogeita hamar ehuneko gutxiago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: