Aurkikuntza harrigarria Zornotzako patatan

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-01-31 11:36

Aurkikuntza harrigarria egin dute Zornotzako patatan (Andres Nagel artista gipuzkoarrak egindako eskultura). Egunotako haize-boladen ondorioz, patata jausi eta bitan apurtu da, eta orduan aurkitu dute haren barruan kristo itxura duen ezpata-dantzari baten irudia.

Eliza-agintariek kristorenak esan dituzte irudia Kristorena dela diotenen aurka. Hala ere, hura ikusita, nabarmena da Kristo gurutziltzatuarekin duen antza: buru (doi bat) makurtua, saihetseko zauria, oinak bata bestearen gainean egotea… Hona hemen desberdintasun bakarra: zapia egon behar zuen lekuan, dantzariaren ezpata dago (luzea, zorrotza).

Arte-adituek, bestalde, irudiaren esanahia argitzeari ekin diote. Haien ustez, euskal kultura tradizionalaren heriotza irudikatzen du (“Tuberkuluaren kataklismo egozentrikoaren erditzearen sublimazioak  gure sustrai existentzialen paradigma metafisikoen suntsidura egikaritzen du”, dio Euskal Artista Garaikideen Elkarteak plazaratu duen txosten marduleko 27. orrialdeko oin-ohar batek).

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazi duenez, Xemeingo Arretxinagako San Migel baselizaren antzeko tenplu zibil bat egiteko asmoz, Andres Nagel eskultoreari beste bi patata egiteko eskatuko diote, eta ezpata-dantzariaren irudia hiru pataten artean jarriko dute, aldare batean. “Urdaibain egiteko zenaren partez, euskal kulturaren mausoleo hori izango da Guggemheim II”, ziurtatu du, eta zera gehitu du: “Zientzialariek diotenez itsas mailak gora egiten badu, agian Zornotzaraino helduko da Urdaibaiko itsasadarra”.

Zornotzako herritarrek, atsekabeturik, plataforma bat sortu dute, eta erreferenduma egiteko eskatuko dute, EAEtik irten eta Trebiñuko konderrian sartzeko.

 


Utzi iruzkina: