atzamarru

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-09-29 21:13

 

Atzamarrak Ilargirantz seinalatzen duenean, ergelek atzamarrari begiratzen diote. Sentipen hori izan dugu gaur goizean, gosaria bide zaharretik joan zaigunean Manuel Valleren exekuzioaren berria irakurrita. Ernegagarria, benetan. Albiste horretan, garrantzitsuena ez omen da exekuzioa bera, baizik eta exekutatzeko modua: Floridan, lehenengoz, ohiko farmakoa barik (sodio-tiopentatoa), beste bat erabili dute (pentobarbitala). Pentobarbitalak, antza, zigor “krudel eta ezohikoa” da. Beraz, denok jarri gaituzte atzamarrari begira (dosi hilgarria zerez egina dagoen), Ilargiari begiratu ez diezaiogun (heriotza-zigorra eta haren aurkako borroka). Teknika hori, botereak egunero praktikatzen duena, atzamarrua izendatu dugu: atzamarraren amarrua.

 

Hala da: bizitza-eskubideaz jardun beharrean, Manuel Vallek azken gauean zer afaldu zuen da albistea. Eta inor kexatzen bada, kexa dadila pentobarbitalaz, ezen ez heriotza-zigorraz. AEBetan, demokraziaren olinpo horretan, bizitza-eskubidea sakratua izatetik sekretua izatera pasatu da. Sekretua? Diruduna izatea, abokaturik onena kontratatzeko. Aberatsa barik aberutsa bazara, jai duzu: ez duzu bizitza-eskubiderik izango. Eta zein da giza eskubiderik ez dutenen kondena? Bada, giza eskebidean ibili beharra. Haien eskubide bakarra eskea da.

 

Eta, bitartean, denok atzamarrari begira.

 

ATZAMARRU: botereak erabiltzen duen amarru zikina, populazioak begira diezaion apropos jarritako amuari, eta ez benetako arazoari.

 

 

  

 


Utzi iruzkina: